Osasun txartelik ez dutenek 89 euro ordaindu beharko dituzte Sorospen etxeko zerbitzuengatik
Jende ugariri eskaintzen diote arreta Erdialdeko Bengoetxea kalean dagoen Sorospen etxean. Eguneko zerbitzuaren kudeaketa udalak egiten du, eta Poliklinikak eskaintzen du osasun zerbitzua 8:00etatik 17:00etara. Arratsaldetik aurrera, berriz, Osakidetzarena da ardura.
Orain arte eguneko zerbitzua unibertsala eta doakoa izan da. Hemendik aurrera, aseguru etxe pribatua dutenei eta osasun txartela ez dutenei kobratzen hasiko dira: 89 euro ordaindu beharko dituzte mediku zerbitzu bakoitzeko. Tarifa hori Osakidetzak gauez kobratzen duenaren parekoa da.
Berez, udalak ez du erabaki honetan eskumenik, baina Denis Itxaso PSE-EEko zinegotzia kezkatuta agertu da, eta uztaileko udalbatzarrean gaia aztertzeko eskatuko dutela aurreratu du.
Sorospen etxeko aldaketa honekin Europaz kanpoko turistak, etorkinak edo behartsuenak kaltetzen direla adierazi du Itxasok, eta zerbitzua pribatizatzeko joera salatu du. Neguan bataz beste astean txartelik gabeko sei pertsona artatzen dira Sorospen etxean, eta uda sasoian 15 lagun asteko. Itxasok gogorarazi du udalak 137.000 euro ordaintzen dizkiola Poliklinikari osasun zerbitzu hori eskaintzeagatik, beraz, “bidegabekeria bat da pertsonen osasun larrialdiak kobratuz dirua irabazi nahi izatea, eta Sorospen etxeko zerbitzua unibertsala eta doakoa izaten jarraitu beharko lukeela uste dugu”, adierazi du Itxasok.
Aste honetan hasiko dira zerbitzua kobratzen, eta ordaindu beharko duten asko atzerritarrak izango direnez, dagoeneko hasi dira ordainketarako makinak egokitzen Sorospen etxean.
Udal gobernuak defendatu du Sorospen Etxeak medikuntza zerbitzu unibertsala eskaintzen jarraituko duela. Izan ere, osasun txartela izan ala ez eta lurraldean pertsona batek izan dezakeen lege egoera kontuan hartu gabe, ez zaie kobratzen, ez baliabiderik ez duten pertsonei, ezta egoera irregularrean daudenei ere.


