Udaletxea pantaila erraldoi bihurtuko da asteburuan
Hiriaren erreketa eta berreraikuntza islatuko dituen ikus-entzunezko emanaldi berezi bat izango da Bigarren Mendeurrenaren oroitzaren seigarren mugarria.
Hala, datorren larunbatean udaletxeko fatxada pantaila erraldoi bihurtuko da, mapping delako ikuskizuna egingo baitute. Acciona Producciones y Diseño enpresak sortu du ikuskizuna. Zortzi proiektore jarriko dituzte Alderdi Ederren eta soinu eta irudi efektuak sortuko dituzte udaletxearen gainean. Teknologia berritzaileenak erabiliz giza zentzumenak, batez ere ikusmena engainatuko dituzte, eta mugimendu eta forma efektuak sortuko dituzte.
Ikuskizun berezi hau kultur eskaintza garrantzitsua izango da bisitarientzat ere. Baina, Miren Azkaratek, Bigarren Mendeurrenaren oroitzarako batzordearen lehendakari gisa adierazi duenez, “turistentzat erakargarriak izango dira seigarren mugarriko ekimenak, baina baita donostiar, gipuzkoar eta euskaldun guztiontzat ere, ikuskizunaren oinarrian, gure historia, hiriaren erreketa eta ondorengo garapena gogoratzea baitago”.
Efektuz beteriko ikuskizun berezi hau larunbatean, ekainak 29 estreinatuko dute, eta beste hiru egunez errepikatuko dute: ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta 2an. Egun bakoitzean hiruna emanaldi eskainiko dituzte, gaueko 22:30ean, 23:00etan eta 23:30ean. Hamar minutu inguru iraungo du ikuskizunak.
Ikuskizunak sortuko dituen aldaketak
Mappinga prestatzeko ezinbestekoa da inguruko argiztapena egokitzea. Horretarako, udaletxeko leiho guztiak estaltzen ari dira eta bertako nahiz Alderdi Ederreko argiztapena ere itzali egingo dute gaurtik uztailaren 2a bitartean.
Gainera, ikuskizuna egingo den egunetan, hots, ekainaren 29tik uztailaren 2ra Bulebarra eta Hernani kaleen artean ibilgailuen sarbidea debekatuta egongo da, 22:00etatik 24:00etara. Ondorioz, autobus eta taxi zerbitzuetan aldaketak izango dira. Bulebarreko autobus geltokiak Legazpi eta Okendo kaleetan jarriko dituzte.



