Itzurun konpartsako erraldoiak, asteburuko topaketaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Euskal Herriko hainbat herritako erraldoi eta buruhandien topaketa egingo dute larunbatean. 200 erraldoi eta buruhandi elkartuko dira, Donostia erre zutenetik pasa diren urte bakoitzeko bat.
Hiriaren erreketa eta berreraikuntza gogoratzeko beste ekimen bat izango da erraldoi eta buruhandien topaketa, 200 urteren ostean Donostiak jasan dun eraldaketa ‘erraldoia’ irudikatuz. “1813an txikitutako hiri hau, baliabiderik gabe eta apaldurik bazegoen ere, gai izan zen bere mugak gainditzeko, garatzeko eta bere ametsak egi bihurtzeko, betiere konprometitutako herritarren ahalegin txiki eta handiei esker”, adierazi du Naiara Sanpedro zinegotziak.
Hiru zutabetan banatuko dira erraldoi eta buruhandiak, 11:30etik aurrera, Bilbo plazatik, Santa Katalina plazatik eta Loiola plazatik abiatuko direlarik. Konpartsa bakoitzak bere txaranga eramango du gainera. Kaleak musika eta dantzaz alaitu ondoren, Bulebarrean elkartuko dira denak, eta 12:45ak aldera,
Artillero dale fuego dantzatuko dute denek elkarrekin.
Ondoren, denak batera abiatuko dira Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kaleraino, duela bi mende hiria suntsitu zutenean zutik iraun zuen kale bakarreneraino. Konpartsek lagun artean bazkalduko dute Zuloaga plazan, eta bitartean erraldoi eta buruhandiak ikusgai egongo dira.