Sorospen etxea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Denis Itxaso, PSE-EEko zinegotziak atzo egindako baieztapenek zeresana sortu dute hiritarren artean. Osasun txartelik ez zutenek 89 euro ordaindu beharko zituztela Sorospen Etxeko zerbitzuengatik adierazi zuen Itxasok.
Udal gobernuak adierazpen horiek gezurtatu ditu eta Sorospen Etxeko jarduna argitu du ohar baten bidez. Ohar horren arabera, Sorospen Etxeak bertaratzen diren pertsona guztiei eskaintzen die osasun arreta, ondorioz, medikuntza zerbitzu unibertsala eskaintzen du, osasun txartela izan ala ez, eta lurraldean pertsona batek izan dezakeen lege egoera kontuan hartu gabe, beraz, ez zaie kobratzen, ez baliabiderik ez duten pertsonei, ezta egoera irregularrean daudenei ere.
Donostiako Udalak eta Osakidetzak hitzarmen bat daukate edozein herritarri larrialdiko arreta ematen duen zerbitzu hau arautzen duena. Tokiko udal gobernuak iazko uztailean onartu zituen baldintzak, eta bertan mediku arreta pertsona guztiei eskaintzea derrigorrezkoa dela zehazten da klausula baten bidez.
Sorospen etxean, beraz, soilik aseguru etxe pribatua dutenei baina osasun txartelik ez dutenei kobratzen zaie; Europatik kanpoko atzerritarrak, adibidez.
Udal gobernuaren oharraren arabera, udalbatzak onartutako tarifak Osakidetzan ezarritako berdinak dira. Sorospen etxeak, osasun sistema publikoaren irizpideak jarraitzen ditu, bai udalak kudeatzen duen ordutegian, baita Osakidetzak kudeatzen duenean ere, orain arte egiten zen bezala, eta izaera pribatuko aseguru etxea duten pertsonei bakarrik kobratzen zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sare osoan egiten den bezala.
Soilik aseguru etxe pribatuei kobratzen zaie eta ez hiritarrei, Osakidetzak onartu eta ezarritako prezioekin.