Zaharra bota eta kiroldegi berria egingo dute Altzan
Altzako kiroldegia oso egoera txarrean dago. Udal teknikariek hainbat azterketa egin ondoren, berrikuntza lanak egiten hastea baino kiroldegi berri bat egitea egokiagoa dela erabaki dute.
Kiroldegi berria egiteko erabakia hartua dago, baina auzotarren ekarpenak eta ideiak jaso nahi ditu lehenengo udalak, erabiltzaileen beharretara ahalik eta gehien egokitzeko. Atzo egin zuten udal ordezkari eta teknikariek Altzako bizilagunekin lehen bilera. Kiroldegi berria egitearen proposamena azaldu zitzaien, eta beraien lehen kezkak jaso zituzten. Dena dela, ekarpen gehiago biltzeko uztailean beste bilera bat egingo dute altzatarrekin.
Teknikarien azterketak eta auzotarren ekarpenak mahai gainean izanda, kiroldegi berriaren proiektua definitzeko ideia lehiketa bat antolatuko du udalak, Donostia Kirolarekin batera. Ideia berri horiek, kirol guneek bete beharreko baldintzak eta eraikuntza irizpideak hartu beharko dituzte kontuan.
Kiroldegi berrirako eraikuntza irizpideak
Altzako kiroldegia 1992an eraiki zuten. Yolanda Zorita, Donostia Kirolako arduradunak argitu duenez, hasiera hasieratik arazoak sortu ditu eraikinak, eta kirol berrietarako guneak egokitu behar izan dituzte erabilera aldatu ahala.
Horren arabera, kiroldegi berria eremu berean eraikiko da, baina eraikina bera bilduagoa izango da. Horrela, kanpoaldean hainbat eremu egokituko dira atletismo pista, solarium zabal bat edo gazte nahiz adineko erabiltzaileentzako jarduerak antolatzeko, adibidez.
Modu honetara, kirol jardueretarako eraikin egokiago bat egiteaz gain, kirolgunea auzotarren topaleku bihurtuko da, oso kokaleku egokian baitago, kultur etxe eta ikastetxeetatik gertu.
Bestalde ideien lehiaketara aurkezteko kontuan hartu beharreko ezaugarriak izango dira eraikinaren energia kontsumoa eta eraikinaren beraren mantentze lanak ahalik eta errezenak izatea ere.
2015ean hasiko dira lanak
Kiroldegi berri baten beharra ukaezina bada ere “luze joko duen prozesua” izango dela aurreratu du Josu Ruiz, kiroletako zinegotziak. Auzotarrekin bilerak egin ondoren, udan jarriko da abian ideien lehiaketa. Jasotako egitasmo guztien artean bost aukeratuko dituzte. Bost horiek beren proiektua sakondu beharko dute, eta horietatik bat aukeratuko dute. Lanak 2015ean hastea aurreikusten dute, eta urte eta erdiz luzatzea, kiroldegi berria bukatu arte. Hasierako aurrekontua, berriz, zortzi edo bederatzi milioi artekoa izango da.
Kiroldegi berriaren eraikuntza mailakatua egiten saiatuko dira. Hau da, igerilekuan hasiko lirateke lanak, espazio horretan egingo baitute eraikin berria, eta bitartean erabiltzaileek gainerako guneak erabiltzeko aukera izango lukete. Dena dela, eraikuntza lanak behin betiko proiektua aukeratzen dutenean zehaztuko dituztela adiezi du Ruizek.