Donostiako Orfeoiaren eta Balentziaga Fundazioaren hitzarmenaren ondorioa da Hubert de Givenchy diseinatzaileak sortutako uniformea (Argazkia: E. Zabala)
Donostiako Orfeoiak eta Cristobal Balentziaga Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu berri dute. Prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian bi erakundeetako arduradunek, eta bertan, Jose Mari Etxarri orfeoiko zuzendariak eta Ikerne Badiola aldundiko Kultura ahaldunak hitzarmena sinatu dute. Etxarrik azaldu duenez, hitzarmenak ez du helburu zehatzik, beharren arabera erabakiko baitute zer egin. Hala ere, gutxienez urtean behin bilduko dira bi aldeetako arduradunak hitz egiteko, eta orfeoia guztiz irekia dago behar den guztietan Getariako museoan abesteko. Edonola, dagoeneko eman du lehenengo emaitza hitzarmenak, izan ere, Hubert de Givenchyk uniforme berria diseinatu du orfeoiko emakumeentzat, Balentziagaren lana gogora ekarriz; eta Lorenzo Caprilek josi du. Givenchy Balentziagaren laguna zen, eta bera da jostunaren fundazioaren sortzailea eta presidentea. Orfeoiaren asmoa, lazo arroxa duen uniforme beltza orain arte erabilitako zuriarekin elkarbizitzea da. Hala ere, oraindik ez dutenez soineko horiek egiteko dirurik, ez dakite noiz izan daitekeen estreinua.
Ikerne Badiolak eta Jose Maria Etxarrik hitzarmena sinatu dute prentsaurrekoan bertan (Argazkia: E. Zabala)