Euskararen erabilera bultzatzeko lanean ari diren hainbat herritar egon dira gaurko prentsaurrekoan. (Argazkia: E. Zabala)
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzada bat eman nahi dio euskarari, eta horretarako, hiriko auzoetan euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo bat abian jarri du. Lanari ekiteko, lanean hasi da udala, hainbat eragile eta herritarren laguntzarekin, zortzi gunetan: Altza, Añorga, Bidebieta, Egia, Intxaurrondo, Loiolako Erribera eta Martutene. Leku horietan guztietan euskararen egoera aztertu dute, eta egin ditzaketen ekintzak zerrendatu dituzte, ikasturte berriari begira lanari ekiteko. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Bizarrain Altzako Euskara Batzordeak urteak daramatzate euskararen alde lanean, eta beraiek ari dira dinamizatzaile lanak egiten. Guztiaren berri zehatza emateko, prentsaurrekoa eman dute goizean, udaletxean. Bertan izan dira Nerea Txapartegi udaleko Euskara aholkularia eta honako eragileak: Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko Ainara Vazquez, Bizarrain Altzako Euskara Batzordeko Josean Abecia, Añorgako Euskara Batzordeko Jesus Mari Araneta, Martuteneko Euskara Batzordeko Karlos Blanco, eta Egiako Euskara Batzordeko Alain Urizar.
Txapartegiren hitzetan, ezagutzatik erabilerara jauzia ematea da egitasmoaren erronka nagusia. “Auzo eta herri horietan erabileran urratsak emateko neurriak hartzea garrantzitsua da oso, batez ere auzo bizitzaren harreman esparruetan; aisialdian, kalean, ostalaritza eta zerbitzuen alorrean”, aipatu du Txapartegik. Azken batean, auzo bakoitzean eragile ahalik eta gehienen parte hartzea lortu nahi dute, elkarte, merkatari, kultur eragile… hala, hori kudeatzeko gune bakoitzean euskara batzordeak osatzea izan da lehen pausoa; batzuetan bazeudenak, eta beste batzuetan orain sortu direnak. Bagera elkartea Añorga, Intxaurrondo, Martutene eta Loiolako Erriberako batzordeei laguntzen ari da, eta Bizarrain, berriz, Altzan eta Bidebietan ari da lanean, bere ohiko gunea. Egian eta Parte Zaharrean, berriz, eredu pilotuak sortzen ari dira, ondoren beste auzo batzuetan erabilgarriak izan daitezkeelakoan. Adibide gisa jarri dute, iaz esaterako, Parketarrak egitasmoa abian jarri zutela Martutenen, eta izandako arrakasta ikusita, auzo gehiagotara zabaldu dute aurten. Parketarrak, haurrek euren aisian parkeetan euskara gehiago erabil dezaten egindako jarduera da, dinamizatzaile batzuen bidez.