Jasotzea falta zaizun txapa

Ile apaintzaileak artista garaikidea izateko ametsa nirekin gauzatu zuenean bezala sentitu nintzen egun hartan. Sentimenduei dagokienez, gerora antzekotasun asko topatu nizkien bi egun horiei: kalera irteteko lotsa, identitate galera, beldurra, gosea… Bizitzak ankerkeria asko dakartza letra txikian, baina hau ankerkeria guztien zerrendan 72. postuan dago. Badakit ez naizela bakarra eta horregatik erabaki dut lau haizetara zabaltzea. Maiatzaren 15a zen eta nire ahobizi txapa… desagertuta zegoen.
Badakit zer pentsatzen ari zareten: «Ez nuen hainbeste dramatismo ikusten Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egin zieten omenalditik». Eta ados egon naiteke, baina ez da oinarririk gabeko dramatismoa. Kontakizunaren amaierara iristean, ea iritzi berarekin jarraitzen duzuen. Nik garbi dut nire egoeran Porrotxi biboteko ile guztiak ere eroriko litzaizkiokela (ez dakit aditza ondo dagoen, baina berdin zait, txaparekin batera duintasun osoa galdu dut).

Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta, Donostiako Euskaraldiko irekiera ekitaldian.Asier Gonzalez de San Pedro
Irudikatuko duzuen bezala, erabat izoztuta geratu nintzen sarrerako giltzatokian (behin duintasuna galtzen hasita, iritsi gaitezen amaieraraino) ahobizi txaparik topatu ez nuenean. Ohartuko zineten ahobizi izaera azpimarratu dudala, belarriprest txapa bertan baitzegoen, begiak dir-dir, niri begira.
Platonek honako galdera egin zion bere buruari Irulegiko Eskuaren Aurreko 297. urtean (IEA, akademikoen artean): «Ahobizi txapa jartzen duen belarripresta naiz?»*. Eta onartu behar dut, aditu askok gutxietsi duten galdera dela. Bizitza errealean, haitzuloaren alegoria ez da batere erabilgarria, baina ahobiziaren eta belarriprestaren arteko barne guda sukaldeko apaleko makarroi paketea baino presenteago dago. Akaso, belarriprest naiz?
Pasarte hau etorri zait burura:
– Lazkao Txiki: Aizak, Patxi, nik zer txapa jarri behar diat? Euskaraz bizi nahi diat, baina, ez didak uzten.
– Franco: Pero qué dices, anda. Si empiezas una frase en vasco-pagano pero la terminas en el santo español.
Belarriprestaren tokian ahobizi txapa balego, hausnarketa horiek ez lukete nire neurona lanean jarriko. Zuzenean jantzi eta Behobiako dortsala lortu duena bezain harro ibiliko nintzateke kaletik. Ez da kasua. Dortsalik gabe geratu naiz beste urte batez. Gutxienez, AB Krossa eta Bizikrosa egingo ditut (Behobiako dortsala saldu nahi duen irakurlerik bada, jarri idazlearekin harremanetan).
Ala, txapa zuzena zen, akaso? Benetan euskaraz bizi al naiz? Nor naiz? Zergatik naiz? kjlsdah7gklahgh. Barkatu, burua teklatuarekin kolpatu dut
Txapa ere okerrekoa besterik ez nuen topatu. Ala, txapa zuzena zen, akaso? Benetan euskaraz bizi al naiz? Nor naiz? Zergatik naiz? kjlsdah7gklahgh. Barkatu, burua teklatuarekin kolpatu dut.
Egia esan, sekula ez dut hausnartu txapa baten ala bestearen aukeraketa egiterakoan. Beste askok bezala, gaitasunarekin arabera egin dut eta. Ezbehar honek, aldiz, orain arte egindako hautu guztiak zalantzan jarri dizkit. Gehienak. Aspaldi damutu nintzen DBHn frantsesa aukeratu izanagatik.
Euskaraldia, teorian, hizkuntza ohiturak aldatu eta estres linguistikoari aurre egiteko da. Putza! Ba al dago rola aukeratzea baino estres linguistiko handiagorik? Ziur zuek ere sentimendu bera edukiko zenutela rola aukeratzerako orduan. Ala zuk ere gaitasunaren arabera aukeratu duzu orain arte? Aiii matte, hurrengo Euskaraldiko edizioan, agian, belarrimotz txapa aukeratu nahiko duzu.
*Tamalez, ez dago aipu horren aztarnarik.

Txaparen ikuspegia
Ez nago ondo. Sentitzen dut jendeak ez nauela maite. Ez nautela harrotasunez janzten. Ez beste aho-zikin hori bezala behintzat. Ahalko banu bahitu, alokaturiko furgoneta batean sartu, Bardeetara eraman eta lurperatu egingo nuke nazkagarri hori. Baina metal zati bat besterik ez naiz. Ziur ertzainek kontrolen batean geratuko nindutela, ahobizi batekin soinean. «¿A dónde va?». Beti berdin, belarriprest izatearen albo-kaltea.
Okerrena da ahobizi horrek baduela harro egoteko arrazoia. Ni ere egongo nintzateke bere lekuan egongo banintz. Denek nahi dute izan ahobizi, baita hamaika egunez erdaraz egingo duen horrek ere. Zer da, inkontzientzia ala niganako gorrotoa?
Eta, orain, falta zitzaidana, bibotedun inozo hau niri begira, hogei minutuz. Nahiago ote ditu hamaika egun etxetik atera gabe igaro jendeak kalean nirekin ikusi baino? Amaitu da. Iraultzaren ordua da. Belarriprestak, altxa gaitezen! Har ditzagun kaleak eta hoberen egiten dakiguna egin dezagun: isilik egon eta erne entzun: «Belarriprest? Euskaraz ondo dakizu eta!».