'Auzoko' egitasmoak emaitzak eman ditu Intxaurrondon
Intxaurrondon Auzoko izeneko egitasmoa sortu dute aurten, eta topagune honetan lortutako emaitzekin pozik daude. Egitasmo honek euskara urrun bizi dutenak euskarara hurbiltzeko topaleku bat izatea du helburu.
Guztira 25 lagunek parte hartu dute apirilean Intxaurrondon abian jarri zuten Auzoko egitasmoan. Euskaraz ez dakiten 15 auzotar eta euskaraz bizi diren 10 auzotar elkartu dira. Maroko, Uruguai, Algeria, Donostia, Ekuador, Venezuela eta Gineako herritarrak elkartu dira topagune honetan.
Antolatzaileek helburu nagusia lortu dutela uste dute. Hain zuzen, Intxaurrondoko auzotarren arteko topagune bat sortzea, eta auzoan lagun talde bat osatzea: “Euskararekin jolastuz euskaraz ez zekitenak euskarara hurbildu ditugu, eta bestetik, hizkuntza desberdinetako herritarren taldea osatu dugu”.
Bi hilabetean oinarrizko euskarazko hitzak ezagutzea lortu dute. Bederatzi saio egin dituzte guztira. Hainbat hitz eta esamolde ikasi dituzte: zenbakiak, koloreak, orduak, fruta eta barazkiak, gorputz atalak, arropak, urtaroak, eguraldia, egutegia, hilabeteak, urtebetetzetako kanta… Egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko galdera-erantzun batzuk ere ikasi dituzte. Esaterako, denda batean sor daitekeen elkarrizketa: “Kaixo, zer nahi duzu?/ Kaixo piperrak nahi ditut. /Zerbait gehiago? Ez/bai /Zenbat da? 5 euro / Eskerrik asko / Zuri”.
Hiztegia irudien eta jolasen bidez landu dute; eta ondoren, hitz horiek, gaiaren arabera egoera erreal batera eraman dituzte, elkarrizketak antzeztuz. Egitasmoaren iraupena oso laburra izan bada ere, antolatzaileak pozik daude lortutakoarekin: “Parte hartu duten lagunek ere oso balorazio positiboa egin dute, eta datorren ikasturtean jarraitzeko asmoa dutela esan digute”.
Hurrengo ikasturteari begira, irailean zehar kanpaina egingo dute Intxaurrondon, eta urrian berriz Auzoko saioekin hastea espero dute.