Donostiako Liburu eta disko azokaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bihar zabalduko dute Donostiako Liburu eta Disko Azoka. Gipuzkoa plazan 38 postu egokituko dituzte euskal sortzaileen lanak erakusteko.
Haur, gazte, zein helduentzako liburu eta diskoak egongo dira ikusteko, aztertzeko eta nola ez, erosteko. Asier Muniategi, Euskadiko liburu azoken koordinatzailearen esanetan, “euskal sortzaileen lana ezagutarazteaz gain, irakurzaletasuna bultzatzea da azoka hauen helburua; liburuak erosi edo maileguan hartuta, baina irakurri egin behar da”.
Denbora falta izan ohi da, ordea, gutxi irakurtzearen aitzakia bat, baina Arantza Urkia, udal liburutegien sarearen zuzendariaren arabera, “oporrak ate joka ditugu, eta azoka hau aukera egokia izan daiteke oporretan irakurriko ditugun liburuak aukeratzeko, opariak egiteko, edo besterik gabe gure herriko sormen lanak ezagutzeko”.
Aurten gainera, ehuneko hamarreko deskontua izango dute azokako produktu guztiek.
Azokaren eskaintza zabala
Liburu eta diskoak eskaintzeaz gain aurtengo azokak beste hainbat jarduera ere eskainiko ditu. Bihar zabalduko dute eta uztailaren 14a bitartean mantenduko dute Gipuzkoa plazan. Ia egunero, azokarekin lotutako jarduerak burutuko dituzte udal Liburutegiko sotoan: poesia errezitaldiak, idazleen hitzaldiak, liburu aurkezpenak…
Hortaz gain, 18:00etatik aurrera hainbat idazle azokan izango dira, irakurleekin aurrez aurre beren lanen inguruan eztabaidatzeko, edo liburuak sinatzeko.
Aurten gainera, euskal emakume idazleen inguruko erakusketa egongo da ikusgai azokan bertan. Bizenta Mogelen (1782-1854) lehen idatzietatik hasi eta gaur egungo lanetaraino, emakumeen sormen lanaren garapena erakutsi nahi dute erakusketa honen bidez.
Liburu eta Disko Azoka bihartik aurrera egunero egongo da irekita, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara.