Donostiarrak iaz Kaian egindako aurkezpenaren irudia (Argazkia: Mikel Goñi)
Joan den igandean ekin zion Donostiarrak KAE-1 Ligari, Zierbenan, eta igande honetan, Elantxoben emango dio jarraipena. Tartean, ordea, beste lan bat hartuko du klubak, izan ere, larunbatean, ekainak 29, Kaiko arranpan denboraldi berriaren aurkezpena egingo dute arraunlariek eta arduradunek. Ekitaldia 12:00etan izango da, eta herritar, bazkide eta zale guztiei bertara agertzeko deia egin die klubak. Gainera, ‘platanito’ traineru berria ikusteko aukera egongo dela aurreratu dute. “Zuen laguntza ezinbestekoa bezain garrantzitsua da portuan eta bihotzean. Donostiarrak garelako, arrauna maite dugu. Gora Donostiarra!”, dio klubaren oharrak.