Agerraldia egin dute Zero Zabor taldeko eta auzoetako jaietako hainbat ordezkarik, Easo plazan (Argazkia: E. Zabala)
Donostiako Zero Zabor taldeak eta auzoetako jai batzordeek bat egin dute aldarrikapen bat zabaltzeko: Zero zabor jaiak. Hainbat ordezkari elkartu dira Amarako Easo Plazan, euren eskaeraren berri emateko, gaur goizean. Zehazki, urte hasieran sortu zen Donostia Zero Zabor taldea, lehengo Zubidon taldearen lekukoa hartuz. “Behin eta berriz eman diogu Zubietako erraustegiari ezezkoa, ez dugu nahi eta ez dugu behar. Baina gure lana ez da horretara mugatu, eta orokorrean, zaborren arazoaren inguruan aukera edo alternatiba berriak sortzen saiatu gara”, diote Zero Zabor taldeko kideek. Donostiako Udalak 2016rako hondakinen %60 birziklatzera iristeko abian jarri duen kanpaina gogorarazi dute, eta bide ona hartu duela uste duten arren, helburua “motz” gelditzen dela iritzi du taldeak. Beraz, Zero Zabor filosofia herritarren pentsaeran sartu nahi dute. Jai batzordeetako kideek gogorarazi dute hiriko hainbat auzotako jaiak hasi direla udara hastearekin batera. “Jaiak gure egunerokotasunaren isla dira, beraz, jaiak ere auzolanean arituz eraldaketarako une dira. Horregatik, aurten beste urrats bat eman nahi dugu. Zero Zaborreko kideengandik jasotako gonbidapenarekin bat egin, eta antolatzen ditugun jaietan poliki poliki eta elkarlanean Zero Zabor filosofiarekin bat egingo dugu”, diote. Azken batean, jaietan ere zabor gutxiago sortzea jarri dute helburutzat, baina horretarako, herritarren laguntza beharrezkoa izango dute. Hala, jaietan ere, berrerabiltzea (edalontzi, bazkarietarako tresneria… ) eta birziklatzea (sortutako zaborra sailkatuta jasotzea) jarri dituzte oinarri nagusitzat.
“Dagoeneko jai batzorde batzuk gauzatzen duten praktika hau gainontzeko jaietara zabaltzea nahi dugu. Gutxinaka jaietan parte hartzen dugunon artean ohitura hauek hartuz herritarrengan eragin eta konpromiso hauek jaietatik harago egunerokotasunera hedatzea da helburua. Jai batzordeetatik urrats hauek emateko prest gaude baina dena ez dadila gure bizkar izan, beraz, bide honetan, udalarekin elkarlanean arituko gara”, diote jai batzordeetako kideek.