300.000 euro bideratuko dituzte irabazi asmorik gabeko ia ehun elkarteri laguntzeko
Udal gobernuak 304.600 euro banatuko ditu gizarte ekintzaren arloan ari diren irabazi asmorik gabeko 97 elkarteren artean. Jon Albizu, Gizarte ongizateko zinegotziak nabarmendu du diruaz haratago, elkarte hauek egiten duten lana eta gizarteari egiten dioten ekarpena babestea dela diru laguntza hauen helburu nagusia. Albizuren hitzetan, “elkarte hauek guztiek ezaugarri sozialak dituzte eta beraiei laguntzea da gure eginkizuna. Orain inoiz baino gehiago ahulenen alboan egon behar du administrazioak; erantzukizun bat dauka horretan, eta udal honek argi dauka hori, udal aurrekontuetan ere agerian geratu delarik gure apustua”.
Gizarte ongizateko departamentutik bideratzen diren diru laguntza hauek izaera ezberdineko irabazi asmorik gabeko elkarteen artean banatzen dira. Izaera anitzeko elkarteak dira, baina denak gizartean egoera berezian edo baztertuta dauden taldeekin lan egiten duten elkarteak dira. Horien artean daude, gaixoekin, etorkinekin, sexu erasoak jasan dituzten emakumeekin, baliabiderik ez duten pertsonekin, preso ohiekin, edo arazoak dituzten gazteekin lan egiten duten elkarteak, besteak beste.