Euskara sustatzen duten bederatzi eragilek jasoko dute udal gobernuaren diru laguntza
Euskara sustatzen duten bederatzi elkartek jasoko dute aurten udal gobernuaren diru laguntza; tartean IRUTXULOKO HITZA-k.
Euskara sustatzen duten eragileei bideratuko diru laguntzak onartu berri ditu udal gobernuak. Nerea Txapartegi euskara aholkulariaren arabera elkarteek eta eragileek euskararen normalizazioaren bidean egiten duten ahalegina aitortzea da diru laguntza hauen helburua. Bere hitzetan, “administrazio publikoak, eragileak eta herri mugimenduak elkarlanean aritu behar gara euskara sustatzeko garaian, eta erronka erabilera sustatzea den honetan, horrelako baliabideak behar beharrezkoak dira. Udal gobernu honen apustua euskararekiko oso argia da eta bere lehentasunen artean dago euskara sustatzea, beraz, bide horretan ari diren eragileak laguntzea ere ezinbestekoa dela ulertzen dugu, euren lana aitortu eta sustatu nahi baitugu”.
Tokiko Gobernu Batzordeak onartutako diru laguntzen arabera, guztira 220.813 euro banatuko dira bederatzi eragileren artean.
Honakoak dira eragileak:
-Altzako Bizarrain Kultur Elkartea, Altzan eta Bidebietan euskararen erabilera sustatzeko egiten ari den lanagatik (9.000 euro).
-Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, euskararen erabilera hiri osoan sustatzeko egiten ari den lanagatik (44.000 euro).
-IRUTXULOKO HITZA astekaria eta webgunea, euskaraz aritzen den argitalpen bakarra izateagatik (90.000 euro).
-Hamaika Telebista, hirian dagoen euskarazko tokiko telebista bakarra izateagatik (40.000 euro).
-Donostiako euskaltegiak, batetik, informazioa, motibazioa eta sentsibilizazio lanak egiteagatik eta euskararen erabilera sustatzera bideratutako egitasmoengatik. Bestetik, talde bereziei eskaintzen dizkieten bitartekoengatik, merkatari, ostalari, guraso talde, etorkin, etabarri (10.563 euro).
-Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Donostian euskara eta euskalgintza sustatzeko ‘Euskaraz bizi nahi dut’ izeneko dinamika abian jarri eta garatzeagatik (4.750 euro).
-Maramara taldea, Mintzanet egitasmo berritzailea abian jarri eta garatzeagatik (6.000 euro).
-Sortzen Ikasbatuaz elkartea, Egian euskararen erabilera sustatzeko diseinatutako proiektuagatik (14.000 euro).
-Soziolinguistika Klusterra, Euskal Soziolinguistika jardunaldiengatik (2.500 euro).