Udalak webgune berria jarri du abian: 'Gaur'
Udalaren edukiak zabaltzeaz gain, herritarren ekarpenekin osatutako webgunea sortzea izango dute helburu, jendearen kezka, iritzi eta iradokizunak zuzenean jasotzeko plataforma komunikatibo digitala sortuz.
Hala, Donostiako gaurkotasunaren berri emateaz gain, albisteen testuingurua, analisia, dokumentuak eta beste komunikabideetan izandako jarraipena ere jasoko ditu webguneak. Baita agenda, eta udalaren zerbitzu publiko nagusien berri, eta trafikoa, eguraldia edo aparkalekuei buruzko informazio praktikoa ere. Dena den, herritarren parte hartzeak pisu nabarmena hartuko du Gaur.donostia.org webgune berrian.
Hiritarrek bertan egindako iruzkin bidez edo sare sozialen bidez parte hartu ahal izango dute webgunean. Gainera, atariko hiru ataletan protagonista izango dira hiritarrak. Batetik, auzoetan edo auzo elkarteetan egiten diren egitasmoak bilduko dituzte. Bestetik, Plaza izeneko atalean herritarrak bihurtuko dira erredaktore, beraiek idatziko baitituzte albisteak. Eta azkenik, Donostia Berritzen atala izango dute eskura; kexak jasotzeko gunea. Kexa horiek Udalinfora bideratuko dira, eta gero jasotako erantzuna publikatuko dute.
Beste bi ataletan, Karrusela eta Bulebarra, argazkiak eta bideoak jasoko ditu Gaur webguneak. Herritarrek bidalitakoak edo udalak egindakoak izan daitezke multimedia eduki horiek.
Dena dela, udalaren webgune berria abian jarri berria da eta hiritarren ekarpenak izango dituenez oinarri, beharren arabera moldatuz joango den euskarri malgua izango da.


