Azoka berezia egingo dute Ekain arte galerian
Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galeriak ExpoAkzioa izeneko azoka berezia antolatu du, ostiralerako eta larunbaterako. Rita Unzurrunzaga da galeriaren arduraduna, eta bere hitzetan, urtean halako bi azoka egiten saiatzen da, bata neguan, eta bestea, udaran. Oraingo azoka honetan, sei sortzaileren lanak jasoko ditu galeriak, eta produktu guztiak salgai egongo dira: Tytti Thusberg (moda mantsoa, ekologikoa eta iraunkorra); Paleike (Birziklatutako materialekin egindako altzariak); Gill Connon (kapel eta orrazkera diseinua); Marta Fernandez (bitxigintza); Inhee Jeon (zuntz eta zeramika diseinua); Gabriela Muñagorri (Oihalean egindako ilustrazio eta marrazkiak, satinak, zetazko krepeak eta belusak).
Sortzaileetako bi lehen aldiz izango dira Ekain arte galerian, eta beraien lanaren berri eman diote IRUTXULOKO HITZAri. Tytti Thusberg finlandiarra da, baina Egian bizi da aspaldiko urteetan. Hala, auzoan bertan duen tailerrean lan egiten du, eta material birziklagarriak erabiliz moda eta osagarriak sortzen ditu. “Birziklatutako segurtasun uhalekin egindako poltsak ekarri ditut; hainbat koloretan, urdinak, laranjak eta beltzak. Hondakin industrialak dira erabiltzen ditudan materialak, eta batzuetan, autoak desegiteko tokietatik lortzen ditut”, azaldu du Thusbergek. Zehazki, 32 eta 78 euro arteko prezioa dute salgai jarriko dituen poltsek. Paleike sortzaile bikoteak, berriz, industrialdeetatik egurrak hartu eta altzariak sortzen ditu. Armairu bat, mahaiak, eta aulkiak bildu ditu bikoteak Ekainen. “Egurra lortu, desmuntatu, garbitu, altzaria diseinatu eta eraiki egiten dugu”, adierazi du Paleikeko kideak. Salgai izango duten aulki merkeenak 90 euro balio ditu, eta armairuak, berriz, 750 euro.
Sarrera doakoa izango da eta ordutegia, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara.
- Gabriela Muñagorri, oihal diseinatzailea (Argazkia: E. Zabala)
- Marta Fernandez, bitxi diseinatzailea (Argazkia: E. Zabala)
- Paleike (Argazkia: E. Zabala)





