'Haurrak beti jolasean' jarduera antolatuko dute datorren ikasturtean ere
Euskara Zerbitzuak antolatzen duen jarduera da ‘Haurrak beti jolasean’ eta datorren ikasturtean ere egingo dutela jakinarazi dute. Izan ere, udal gobernuaren lehentasunetako bat euskararen erabilera sustatzea izanik, jarduera hau aurrera eramatea oso garrantzitsua dela adierazi du Nerea Txapategi, euskara aholkulariak. Bere esanetan, “euskara erabiltzeko eta hobetzeko aukera ematea jolasaren bitartez eta, era berean, euskara erabiltzeko ohitura hartzea ikasgelaz kanpoko jardueretan da egitasmo honen helburua”.
‘Haurrak beti jolasean’ eskola orduz kanpoko jarduera da, bazkalondoan edota arratsaldean, eskola bukatutakoan, egiten dena. Nerea Txapartegik gaineratu duenez, “kontuan hartu behar da Donostian haur askok euskara ikastetxean ikasten dutela eta eskolarekin lotzen dutela eta era honetako jarduerek laguntzen dute haurren arteko euskararen erabilera sustatzen aisialdi giroan”.
Zerbitzua ikastetxeen aukera da
‘Haurrak beti jolasean’ ikastetxeetan bideratzen da eta Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara artekoentzat izaten da. Matrikula irailean zabalduko dute eta ikastetxeetan eman behar dute izena interesa dutenek, taldeak osatzea eta ordutegia finkatzea ikastetxearen ardura izango baita. 10-12 laguneko taldeak antolatzen dira eta begirale batekin aritzen dira jolasean ikasturte osoan, urritik maiatzera.
Eskainitako taldeak desberdinak izaten dira: bi, hiru edo lau orduko saioak izan daitezke astean, eta gurasoek ordaindu beharrekoa ere aukeraren araberakoa izaten da ( 142 eurotik 197,50 euro bitartean).
Jarduera hau Donostiako ikastetxe guztiei eskaintzen zaie eta ikastetxe bakoitzak erabakitzen du bertan parte hartu ala ez. Batez beste, 20 ikastetxe baino gehiagok izena ematen dute eta mila bat haur aritzen dira ikasturte bakoitzean.


