
“Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Donostian” txostena aurkeztu dute udalbatzarren aretoan Aztikerreko kide Ekhi Zubiriak eta Enara Garciak, eta Kultur Aniztasun saileko udal ordezkari Naiara Sampedrok. Herritarrei irekitako bileran, azken hilabeteetan egindako lanaren emaitzak jakinarazi dituzte. Datu esanguratsuenen artean, Aztikerreko lagunek nabarmendu dute Donostian erroldatutako herritarren %57 hirian jaio direla. Gainontzekoak, %43, beraz, ez dira hirian sortu. Gipuzkoarrak, hala ere, ez dira gutxi; herritarren %12 Gipuzkoako beste udalerriren batean jaioak dira. Kanpotarrei dagokienez, donostiarren laurdena Hego Euskal Herritik kanpo jaio da, oso leku desberdinetan gainera; hain zuzen ere, 141 estatu desberdinetan dute jatorria. Dena den, horietatik gehienak, hamarretik sei, Espainiako gainerako herrialdeetan jaioak dira. Sampedrok ikerketaren balioa azpimarratu du: “Biztanleriaren bilakaeraren argazki orokor bat erakusten du, eta etorkizuneko tendentziak ikus daitezke”, azaldu du.