Herrerako bulegoan sartu nahi zuten hipotekak kaltetutakoen alde protesta egiteko.
Stop Kaleratzeak deituta, hainbat herritar Herrerako Kutxabanken bulegoan elkartu dira gaur. Hipotekak kaltetutako Eric Avila herreratarraren egoera salatzeko protesta egin dute. Bulegoa okupatu eta zuzendariarekin negoziatu nahi zuten; atarira gerturatu direnean, ordea, ateak blokeatu egin dituzte.
Kanpoan egin dute protesta, eta atarian bildu dira hipotekak kaltetutakoak. Eric Avilak bere egoera zein den azaldu du hedabideen aurrean. 2010. urtetik langabea da Avila, baina halere, hilero ordaindu ahal izan du hipotekaren kuota: 1.100 euro hilero. Bere emazteak lan egiten du, baina lanaldi erdia du.; aldi baterako lan kontratua du gainera. Hipoteka aiton-amonen pentsioari esker ordaintzen dute.
Iazko abenduan Herrerako bulegoko zuzendariarekin bere hipoteka negoziatzen saiatu zen. Hilero ordaindu beharreko kuota jaistea lortu nahi zuen Avilak, baina ez zuen Kutxabanken erantzunik jaso,joan den maiatza arte. Kutxabankek ezezkoa eman zion: “Kaudimendun pertsona nintzela esan zidaten, nire gurasoen abala nuelako; eta beraz laguntza ematea ezinezkoa zela”.
“Baimenik gabe” egindako kobrantza bat salatu du
Negoziatzeko aukerarik gabe, Avilak hilero ordaintzen jarraitu du. Joan den hilabetean, ordea, Kutxabankek bere kontuan “baimenik gabe” egindako kobrantza batengatik kuota ezin izan duela ordaindu azaldu du: “Bidegabekeria da. Kutxabankek gestoria bati eskatutako zerbitzuak niri kobratu dizkidate, eta niri baimenik eskatu gabe. Nire finantza egoerari buruzko datu batzuk behar zituzten, eta zerbitzu hori niri kobratu didate”. Avilak salatu duenez, zerbitzu horiengatik 208 euroko faktura kobratu diote; eta kobrantza hori dela eta, ezin izan du hileroko konpromisoarekin bete: “Orain, gainera, 60 euroko multa ordaindu behar dut, berankorra izateagatik”.
Faktura horren diru kopurua itzultzeko eskatu du; eta hipotekak kaltetutakoen egoera larria dela salatu du. IRPH indizeak (Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea) hilero 300 edo 400 euro gehiago ordaintzera behartzen dituela adierazi du: “Indize hau maiatzean desagertu behar zen, baina Espainiako Bankuak luzapena eman die, eta urria arte indize honi eutsiko diote. Euribor indizea ezarriz gero, hilero 700 euro ordaindu beharko nituzke, eta ez 1.100”.
“Jaione, hartu zure zopa!”
Bulegoaren atarian Kutxabanken aurkako oihuak izan dira nagusi. Protesta sinboliko bat ere egin dute: zopa egiteko hautsak bota dituzte atarian. Protesta honen zergatia azaldu dio Avilak Irutxuloko Hitzari: “Hipoteka kontratua negoziatzera etorri nintzen. Zuzendariari, Jaione Goenagari, nire egoera azaldu nion. Esan zidan jende askok zopa jaten bizirauten duela. Grabatuta daukat berak esandakoa”.
Protesta hasi eta ordu laurdenera, Ertzaintza joan da bulegora. Stop Kaleratzeak plataformako kideei ataritik aldentzeko eskatu die. Bulegoko sarrera oztopatzen ari zirela adierazi diete agenteek. Protestagileek esan dute Kutxa izan dela ateak itxi dituena, eta ez diela sartzen utzi: “Gu ere Kutxabankeko bezeroak gara, eta ez digute beraiekin hitz egiten uzten”.
Ertzain bat bulegoan sartu da zuzendariarekin hitz egitera. Handik hamar minutura berriz atera da, eta Eric Avilari sartzeko baimena eman dio. Barruan zeuden hainbat bezero bulegoan geratu behar izan dira ordubetez, ateak blokeatuta zeuden eta.