Festa lehertu da Añorgan
Kuadrillen egunarekin hasi dituzte auzoko festak.
Zementonen jaitsierarekin piztu da jaietako giroa Añorgan, eta Karmen eguna arte festa eta algara izango dira nagusi. Gaur kuadrillen eguna ospatu dute, eta elkarrekin pasa dute eguna, frontoiaren egunean. Paella prestatu dute eta bertan bazkaldu dute kuadrilla guztiek.
Arratsaldean añorgatarrak Zementonen zain egon dira. Ziztu bizian jaitsi da frontoitik plazaraino. Esperantzaz beteriko pregoia irakurri du: “Mundu zaharraren hondakinetatik sortzen ari da mundu berria. Guk, porlana bezala elkarlanean itsatsitako ameslariok, eguzki erraldoi bat zintzilikatuko dugu aspaldiko partez zeruan. Karmenen gonapean elkartzen den herri bat sortzen ari gara. San Ferminetan hasi eta Karmenetaraino egin amets eta dantzatu, merezi dugu. Gora Añorga eta gora añorgatarrok. Gora Zementon!”.
Azken hitz hauekin lehertu da festa, orduan hasi baitira elektro txarangaren lehen doinuak. Txarangarekin bat egin dute auzotarrek, eta elkarrekin joan dira banderaren altxatzea ikustera. Eneko Sierra Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko presidenteak igo du bandera, eta modu ofizialean inauguratu ditu aurtengo jaiak.
Bihar Jubilatuen eguna ospatuko dute, eta Arkaitz dantza taldeak urtero egin ohi duen dantza emanaldia egingo du arratsaldean (17:30).
Ostegunean (uztailak 11) hasiko dira berriz ere festa girotzen. Amassorrain ikastolako ikasleek trikitixa emanaldia egingo dute, eta auzotarrek pintxo potea egingo dute auzoko tabernetan. Gauen ere jarraituko du jaietako egitarauak: Sorpresa bat iragarri dute 22:00etarako. Gauerdian añorgatarrek topa egingo dute Eneko Sierra Añorgako kultur eta kirol elkartearen presidentearekin, eta ondoren, karaokea egingo dute gaztetxean.
Ostiralean (uztailak 12) umeen eguna izango da. Goizean jokoak eta puzgarriak izango dira auzoan; eta arratsaldean apar festa eta mozorro festa. Egan taldeak emanaldi bikoitza egingo du: lehena, 19:0etan eta bigarrena, 23:00etan. Gauean, 23:00etan, rock doinuek hartuko dute Añorga. Broken Faces, The Convicts eta Orreaga 778 taldeek joko dute zine kanpoan.
[Gallery=66]

