DSS2016 Fundazioak zuzendaritza berria "gardentasunez" aukeratzen ari dela adierazi du
DSS2016 Fundazioaren Patronatuko Batzorde Betearazleak ohar bat igorri du prentsara, fundazioaren zuzendaritzaren izendapen eta hautaketa prozesuaren inguruko argibideak emateko.
Izan ere, izendapenen inguruan hainbat komunikabidek hedaturiko espekulazioak direla eta, “erabateko gardentasun eta objektibotasunarekin ari direla zuzendaritza aukeratzen eta patronatuak hartuko duela azken erabakia, betiere DSS2016 Fundazioa zuzentzeko profesionalik onenak lortzeko helburuarekin”, jakinarazi dute agiri horren bidez.
Oharrean gaineratzen dute, Eva Salaberria koordinatzaile eta kudeatzaileak bere kargua utziko zuela jakin eta berehala, gogoeta prozesu bat jarri zutela abian, “zuzendaritza berriaren profilak definitu eta hautaketa prozesu egoki bat abiarazteko”.
Hainbat izen jarri zituztela mahai gainean, eta Batzorde Betearazlea osatzen duten erakundeen iritziz, “aipatu pertsona hauek guztiek har lezakete, euren ibilbide profesionalari esker, DSS2016ren Zuzendaritza”. Hautaketa prozesuan izandako ustezko irregulartasuna gezurtatu du DSS2016 Fundazioak honela.
Dena den, Abc egunkariak argitaratu zuenez, Itziar Nogeras filologoak mezu elektroniko bat igorri zien joan den ekainaren 20an Elhuyar fundazioko bere lankideei, adieraziz hiru urteko lanuztea eskatuko duela, “Donostiako 2016ko kultura hiriburuaren zuzendaritza nagusiaz arduratzeko proposamena” egin diotelako.
Espainiako Kultura Ministerioak presazko eta aparteko bilera bat eskatu dio DSS2016 Fundazioaren Patronatuari, proiektuko zuzendari nagusi berriaren izendapenean ustez gertatu den irregulartasuna argitzeko.