Uliako Interpretazio Zentroa. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Ulian daude biak, bai Interpretazio Zentroa eta baita Aterpetxea ere, eta hemendik aurrera eremua partekatzeaz gain zerbitzuak ere elkarbanatuko dituzte, elkarlanean aritzeko hitzarmen bat egin baitute.
Udalaren gazteriaren eta aterpetxeen atalak kudeatzen du Uliako Aterpetxea eta Cristina Enea Fundazioak Interpretazio Zentroa.
Aterpetxeak aterpe baten berezko zerbitzuak eskaintzeaz gain, hasieratik izan du natura zaindu eta naturaz gozatzeko helburua; Euskal Autonomia Erkidegoan, horrelako egoitza bati emandako lehen agiri ekologikoa du. Baina, talde handiek bilerak, ikastaroak, jardunaldiak edo beste hainbat jarduera egiteko gune egokirik ez du. Bai, ordea, Interpretazio Zentroak.
Bertan badituzten hogeita hamar bat lagunentzako ikasgela lantegi bat eta hogeita bost bat pertsonentzako ikus-entzunezkoetarako gela bat ere.
Horrela, bi erakundeek hitzarmen bat sinatu dute eta hemendik aurrera aterpeko kideek Uliako Interpretazio Zentroko balio anitzeko aretoa erabili ahal izango dute. Hori bai, erabileraren helburuak ingurumena eta paisaia, landareak eta animaliak, itsasaldea, historia, ondarea, Ulia menditik igarotzen den Santiago bidea eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko kostaldea ezagutzea eta zaintzea izan beharko dute.
Hala, aterpeko kideek ekintza aretoa Aterpetxeko harrera zerbitzuaren bidez erreserbatu ahal izateaz gain, % 50 merkeago izango dituzte Fundazioak aretoa egun erdirako edo egun osorako alokatzeko onartutako prezioak.
Dena dela, taldeak edo erakundeak jarduera publiko bat egiteko behar badu gela, eta jarduera hori doakoa bada herritarrentzat eta lotura badu Cristina Enea Fundazioaren helburuekin, fundazioak doan utziko dio erabiltzen.