Abesbatzentzako Konposizio Lehiaketa antolatu dute lehen aldiz
Lehiaketaren oinarriak elkarrekin idatzi dituzte bi erakundeek, eta elkarrekin arituko dira obra irabazlearen hautaketan. Parte hartu nahi dutenek irailaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dituzte euren sormen lanak, eta urrian irabazlearen izena ematea aurreikusten dute. Bakoitzak nahi adina obra aurkeztu ditzake, eta Donostia Kulturak Konstituzio plazan duen bulegoan utzi beharko dira.
Donostia Kulturak antolatzen duen Musika Sakratuaren Zikloak 25 urte beteko ditu datorren urtean. Hori dela eta, zerbait berezia egin nahi izan du Donostia Kulturak, eta Abesbatzentzako Konposizio Lehiaketa antolatu du lehen aldiz, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren laguntzarekin. Maila ertaineko edozein abesbatzek interpretatzeko moduko sorkuntzak nahi dituzte, erlijiosoa izan behar du, eta gutxienez abestiaren zati bat euskaraz izan behar da. Bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ditzake, hori bai, 2-4 minutu bitartean iraun behar dute. Hala, jasotako lan guztien artean onena hautatuko dute, eta 2.000 euroko saria jasoko du. Gainera, 2014ko Musika Sakratuaren Zikloan abesti irabazlea interpretatuko dute abesbatzek.
Musika sakratua auzoetara hurbiltzeko asmoarekin sortu zuten Musika Sakratuaren Zikloa duela 24 urte; hasieran, Loiolan eta Grosen banatzen zuten egitaraua, baina pixkanaka ia auzo guztietara zabaldu dute. Lehiaketaren bidez, bi helburu nagusi gehitu dituzte: Inguruko musikagileen sortze-lanak bultzatzea, eta 25. urteurreneko edizio berezirako obra bat prestatzea.