Be Sensitive, Stop it! egitasmoan parte hartzen ari diren gazteak, Naiara Sampedro zinegotziarekin. (Argazkia: Irati Elizalde)
Jendartea emakume nahiz gizonen aurkako eraso eta tratu txarren inguruan sentsibilizatzeko eta genero indarkeriaz kontzientzia hartzeko, Be Sensitive, Stop it! egitasmoa jarri dute abian hamasei gaztek.
Gazte horietatik erdiak donostiarrak dira, eta beste erdiak italiarrak, Turin hirikoak. Zortzi neska eta zortzi mutilek osatzen dute taldea, eta elkarren artean genero indarkeriaren hainbat ikuspegi landuko dituzte. Osotara, zazpi hilabete iraungo du egitasmoak, baina bi astez arituko dira gazteak elkarlanean. Italiarrak Donostian egongo dira aste honetan, eta donostiarrak abuztuaren 26tik irailaren 2ra joango dira Turinera.
Bi herrialdeetako egoera aztertzeaz gain, jendartea mugiarazi nahi dute. Alazne Esnaola, egitasmoaren koordinatzailearen esanetan, “irain, indarkeria edo errespetu faltazko hainbat egoera bizi ohi ditugu inguruan, baina normalean beste aldera begiratzen dugu; orokorrean tratu txarren aurka dago jendartea, baina neurri gutxi hartzen dira egoera horiek saihesteko. Kanpaina honen bidez, edozein genero indarkeriaren aurrean jendearen eratzuna sorrarazi nahi dugu”.
Horretarako hainbat jarduera egingo dituzte aste osoan. Hitzaldiak, antzerkia eta performanceak egingo dituzte, besteak beste. Igandean, adibidez, goizeko 11:00etan ekintza berezi bat egingo dute Bulebarreko kioskoan, bikoteen artean sortzen diren tratu txarren aurkako jarrera aktiboa eta parte hartzailea eragiteko.
Bildutako ekarpen guztiekin dokumental bat egingo dute, eta irailean ikastetxeetara joango dira, gazteei gaiaren inguruko errealitatea erakusteko.
Berdintasunik ez dago
Naiara Sampedro, gazteria, berdintasun eta aniztasun zinegotziak oso baikortzat jo du berdintasunaren inguruko egitasmo hau gazteek eurek sortutako izatea. “Herritarrek indarkeria matxistaren aurrean kontzientzia hartzeko lanean batera jardun behar dugu guztiok; bai herritarrak eta baita administrazioa ere”, adierazi du Sampedrok. Ildo horretatik, orain gutxi aurkeztutako gizon eta emakumeen egoerari buruzko txostenaren arabera, berdintasuna itxura besterik ez dela gogoratu nahi izan du Sampedrok, eta gazte eta nerabeen artean bizirik dagoela oraindik maitasun erromantikoaren mitoa, eta horrek dakartzan jarrera eta jokabideak.