‘Busti zaitez’ kanpainaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Igandean, uztailak 14, ospatuko dute esklerosi anizkoitzaren aldeko eguna. Hori dela eta, ‘Busti zaitez’ kanpainaren bitartez herritarrei luzatu diete parte hartzeko gonbitea ADEMGI elkarteko kideek.
Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkartea da ADEMGI, eta Mari Luisa Ustarroz, elkarteko lehendakariaren esanetan, “kanpaina hau oso arrakastatsua izan ohi da, baina berriro ere herritar guztie dei egiten diegu, guztion laguntza ezinbestekoa baita gaixotasun hau hobeto ezagutzeko, eta jasaten duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko”.
Euskal Autonomia Erkidegoko 78 lekutan egingo dute ekitaldi sinbolikoa. Gipuzkoan 15 izango dira jarduerarekin bat egingo duten hondartza eta igerilekuak; tartean, Donostiako hiru hondartzak. ‘Busti zaitez’ kanpainaren jarduera nagusia Kontxako hondartzan egingo dute igandean, 12:00etan.
Hainbat pertsona ezagun bilduko dira bertan: Realeko jokalariak, udal ordezkariak edo kultura eta kirol munduko aurpegi ezagunak. Ander Vilariño gidaria izango da Kontxako hondartzan igeri egingo duenetariko bat. Vilariñoren hitzetan, “horrelako jarduerak oso garrantzitsuak dira esklerosia bezalako gaixotasunak ezagutzeko eta ikertzen jarraitzeko; ezagunak garenok ere bat egin behar dugu egitasmo hauekin, guztioi eragiten digun gaixotasuna baita”.
Iaz, 25.000 lagun aritu ziren igerian esklerosi anizkoitzaren alde, eta antolatzaileek datu horiek hobetu nahi dituzte aurten. Kanpainaren aldeko materiala erosiz ere bat egin daitekeela egitasmoarekin gogoratu dute antolatzaileek. Horretarako, Forum Sport dendetara edo esklerosiaren aldeko elkarteetara jo daiteke.
Esklerosi anizkoitzak nerbio sistemari eragiten dio; nerbioak estaltzen dituen zuntza galtzen da pixkanaka ondorio larriak eraginez. Batik bat emakume gazteek jasaten dute, eta oraindik behintzat ez du sendabiderik.