Asier Illarramendi. (Argazkia: Realsociedad.com)
Espainiako zenbait komunikabidek esan dute edozein momentutan egin daitekeela ofizial Asier Illarramendiren fitxaketa Real Madrilen aldetik. Zubietan du hitzordua bihar mutrikuarrak, denboraldi-aurreari oporretatik bueltan heltzeko. Realak 10:00etan du entrenamendu saioa, eta ikusmin handia piztu da. Akordioa egon daitekeela dioten komunikabide horiek, baina, jakinarazi dute litekeena dela erdilari txuri-urdina entrenamendu saio horretan ez izatea.
Bestalde, mutrikuarra bihar Madrilen aurkeztuko dutela aireratu dute interneten, Real Madrilen albisteak jorratzen dituen webgune batean. Mediku azterketa igaro eta gero aurkeztuko lukete, Santiago Bernabeun. Minutu batzuk iraun du albisteak zintzilik, eta gero kendu dute. Gipuzkoarrak bost urterako kontratua sinatu omen duela zioen.
Albisteak albiste, argi dagoena da Illarramendi futbolzale guztien ahotan dagoela. Ondorengo minutu edo orduek argituko dute jokalari txuri-urdinaren etorkizuna. Txuri-urdina baita oraindik, kontrakoa modu ofizialean baieztatzen ez duten bitartean.