Sudurzaleen 'ikus-entzunezko lagunketa' abian da
http://youtu.be/OtFVioClArM
Parte hartzaile guztien lanak irailaren 14n proiektatuko dituzte Plaza Haundin, Porrontxo jaietan.
Ikusteko gosez eta entzuteko egarriz zeudelako sortu zuten duela bi urte Egian Sudurpuntan ikus-entzunezko lagunketa. Ez dute lehiarik nahi, horregatik esaten diote lagunketa, eta ez lehiaketa: “Nahiago ditugulako lagunarteko txantxak eta adar jotzeak”. Egiako Sintotxa Mugimenduaren barruan sortu zen, herriko zinemagintza sustatzeko asmoz: “Egiako jendearen artean sormenerako bideak zabaltzea da asmoa, hiriko zinemaldi ponpoxoak aparte utzita, herriko zinemagintza sustatzea”.
Hainbat sari daude parte hartzaileentzat. Mukizu saria, parte hartzaile gazteenari; Sudurgorri saria, pieza umoretsuenari; Sudurpunk saria, bihurrienari; eta Sudurtxukun saria, kalitatezko piezari. Nolanahi ere, parte hartzaile guztiek jasotzen dute sariren bat, parte hartze hutsagatik.
Zer egin behar da parte hartzeko? “Sudur puntan jartzen zaizuena kameran sartu, pantailan moldatu, eta bidali”. Hauek dira jarraitu beharreko irizpide bakarrak: ikus-entzunezko piezak Egian egina edo egiatar batek egina izan behar du; edozein hizkuntzatan aurkez daiteke; gutxienez 3 segundoko iraupena izan behar du, eta gehienez 3 minutukoa. Lanak irailaren 7a baino lehen bidali behar dira sudurpuntan@mail.com helbidera.