Uliako txokorik gustukoenari buruzko argazki lehiaketa bat egin dute
Cristina Enea Fundazioak Foto Ikatz-ekin elkarlanean antolatu du. Urrian egingo duten erakusketan erakutsiko dituzte aurkeztutako lanak.
Ulia Interpretazio Zentroaren inguruan abian jarritako jarduera guztiekin batera, oraingoan Uliako txokorik
gustokoena izeneko argazki-lehiaketari ekin dio Cristina Enea fundazioak. Egin beharreko bakarra da bakoitzarentzat Uliako toki politena den lekura kamerarekin gerturatu, enkoadratu, enfokatu eta botoia sakatu.
Argazkien gehienezko neurriak mega batekoa izan behar du. E-postaz bidal daitezke uliazentroa@donostia.org helbidera edo Ulia Interpretazio Zentroan bertan aurkeztu, beti ere formatu digitalean. Epaimahaiak 18 onenak aukeratuko ditu Interpretazio Zentroan urritik aurrera egongo den erakusketarako. Gainera, maila bakoitzeko irabazleek (16 urtetik beherakoek eta 16 urtetik goragokoek), Foto Ikatzek emandako kamera bana jasoko dute sari gisa (Olympus tg620 kamera gazteenen atalean eta Olympus sz14 helduenean). Era berean, maila bakoitzeko bigarren sailkatuek ere Foto Ikatz dendetako opari-bono bana eskuratuko dute
Lehiaketarekin lotuta, eta natura-argazkilaritzan oinarrizko ezaguerak ikasi nahi dutenentzat, Xabier Ubeda argazkilariak Uliatik zehar ibilbide bat eskainiko du igande honetan uztailak 14, 10:30ean, naturan argazkiak egiten ikasteko trikimailuak eta aholkuak azaltzeko. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea (943 453526 / cristinaenea@donostia.org).