Aisiaz familian gozatzeko aukera emango du Hip-hip Urri! egitasmoak
Urrirako doako jarduerez osatutako egitaraua sustatu du Donostia 2016 bulegoak, Ikertzeren koordinazioarekin.
Familia giroan aisiaz gozatzeko aukera emango du Hip-hip Urri egitasmoak. Donostia 2016 bulegoak bultzatu du jarduera eta Ikertze Kultur Elkartea ari da koordinatzen. Hala, ekintzez betetako egitaraua osatu dute urrirako. Egitasmoa azaltzeko,prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, eta bertan izan dira, Naiara Sampedro Kultura zinegotzia, Blanca Zaragueta Ikertzeko kidea, eta Fernando Bernues Donostia 2016 bulegoko arduraduna. “6-14 urte arteko haurrentzako tailerrak izango dira. Helburua, kultur kontsumoa bultzatzea da gazteenen artean”, azaldu du Sampedrok. Bestetik, erakunde, elkarte eta norbanakoen elkarlana azpimarratu du Sampedrok.
Egitarauko tailerrak haurrek gurasoekin gozatzeko izango dira, baina programa zehatzaren berri irailean emango dute.
“Hau hasiera baino ez da”, azpimarratu du Zaraguetak. Izan ere, azken batean, Europako beste hainbat hiritan egiten den programa egokitu dute Donostiarako, eta datozen urteetarako ere plana osatzen ari dira. Hala, 2014rako egitaraua Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute.