Autobus geltokia parrandazaleen elkargune bihurtu da
http://youtu.be/0zlSqxrGzqc
Kolore zuriak eta gorriak baino ez dira ikusten egun hauetan Donostiako autobus geltokian eta inguruan. Batzuk Sanferminetatik bueltan datozen bitartean, beste askok Iruñerako bidea hartzen dute festaz gozatzeko asmoz.
Horrela, Pio XII.aren plaza adin guztietako pertsonaz betetzen da, eta hiria horiek guztien elkargune bihurtzen da. Izan ere, atzerritar askok euren oporraldiak jaiekin eta lasaitasunarekin tartekatzeko ohitura daukate eta Donostia aukeratzen dute atseden hartzeko toki bezala.
Hala ere, Sanferminetara ez dira bakarrik atzerritarrak hurbildu. Donostiako hiritarrek ere Iruñea helmugatzat izan dute eta IRUTXULOKO HITZA autobus geltokian egon da beraiekin hitz egiteko. Festara zihoazen batzuk galduta zeudela esan digute: “Ez dakigu zein ordutan daukagun autobusa”; baina beste batzuen helburua argia zen: “Hauek edatera doaz, ni ongi pasatzera bakarrik”. Bueltan zetozenak lokartuta zeuden arren, neska talde batek lorik ez duela egin aitortu digu.
Argi dago, autobus geltokitik pasatzen diren parrandazaleek Pio XII.aren plaza elkargune bilakatu dutela, eta urteen poderioz bertan biltzea ohitura bihurtzen ari dela.
[Gallery=67]