Antiguako Landetxe haur eskola. (Argazkia: Mikel Goñi)
Datorren urterako bi haur eskola berri eraikiko dituzte Donostian; bat Intxaurrondon eta bestea Amaran. Haur eskola bakoitzean 0 eta 2 urte arteko haurrei zuzendutako 21 plaza sortuko dituzte. 0 eta 1 urte arteko unitate bat eta 1 eta 2 urte arteko beste bat egingo direlarik bakoitzean.
Intxaurrondo Ikastolako proiektua jada egina dago eta lanak abuztuan hasiko dira. Ikastolaren alboan dagoen lantegian egingo dute haur eskola, hasiera batean eraikinaren arduradunaren etxebizitza izandakoan egitea aurreikusi bazen ere. Naiara Sampedro, hezkuntza zinegotziak zehaztu du ikastolan aspalditik ari zirela azpiegitura hori eskatzen, eta proiektua diseinatzeko garaian eskolako zuzendaritzaren eta guraso elkartearen ekarpenak jaso dituztela, eta horregatik egin dela kokapenaren aldaketa etxebizitzatik lantegira.
Amarako kasuan, aldiz, orain hasiko da proiektua diseinatzen, eta Barkaiztegi kaleko 9. zenbakian egingo da haur eskola berria.
Intxaurrondon momentuz, haur eskola bakarra
Sampedroren arabera oso garrantzitsua da bi haur eskola berri zabaltzea. Bere hitzetan, “Donostiak beste bi haur eskola berri izango ditu datorren urtean, eta hori albiste pozgarria da, bereziki orain arte haur eskola publikorik eta euskaldunik ez zuten bi auzotan zerbitzu hori bermatuko delako, auzo horietako aspaldiko eskaerari erantzunez”.
Dena dela, hasiera batean Intxaurrondon bi haur eskola egitea zen asmoa baina momentuz bakarra egingo dute, Haur eskolen patronatuak bakarra eraikitzeko baimena eman baitu. Sampedroren arabera, ordea, “matrikulazio eskaerak hala eskatzen badu, hurrengo urtean beste haur eskola bat egiteko baimena emateko ardura har dezala eskatu diogu patronatuari”.