Haur batzuk, judo erakustaldi batean, Anoetako Judo Clubean. (Argazkia: Judo Club)
Donostia Kirolak antolatzen duen datorren ikasturterako Kirol Ekintzak ikastaroetarako tokiak banatuak daude jada. Izan ere, ohiko zozketa egin zuten uztailaren 9an, eta 6.000 lagun inguruk lortu zuten ikastaroren batean lekua.
Guztira, 6.074 lagunek hartu zuten parte, baina pertsona bakoitzak bi aukera bi ikastaroetarako egin zezakeen aurre-matrikula, beraz, guztira, 9.328 aurretiko izenemate aurkeztu zituzten. Azkenean, 5.963 pertsonek lortu dute tokia, aurkeztutakoen %98. Lekurik gabe geratu diren 140 lagunak itxaron zerrendetara igaro dira, eta urtean zehar ikastaroetan egon daitezkeen bajak kubrituko dituzte. Irailaren 30ean hasiko dira 1.658 ikastaroak.
Izenemate gehien bildu dituzten jarduerak honakoak izan dira: Umeen artean, igeriketa (1.846), helduen artean; pilates (1.715) eta ziklo-indoor (1.512).
Tokia lortu dutenek irailaren 4a arte izango dute ikastaroa ordaindu eta baieztatzeko aukera. Egun horretan, zenbatekoa kenduko zaie ordainketa helbideratu dutenei, eta besteek, datozen egunetan jasoko dute euren etxean ordaintzeko agiria.
Dena den, Donostia Kirolaren esanetan, oraindik jarduera gehienetarako lekua geratzen da, eta horregatik, uztailaren 22an jarduera guztietan izenemateak egin ahal izateko epea irekiko dute. Donostia Kirolakeko bulegoetan zein Altza, Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo eta Egia udal kiroldegietan egin ahal izango dira izen emateak Donostia Kirolak zuzenean antolatzen dituen jardueretarako; eta Manteo, Mons, Pio Baroja eta Zuhaizti udal kiroldegietan, berriz, soilik kiroldegi bakoitzean antolatzen diren jardueretarako. Kirol Ekintzak 2013-14 kanpainan, Tenis Ondarreta udal instalazioan, Anoetako Arte Martzialeteako udal zentroan eta Txuri Urdin Izotz Jauregian antolatzen diren jarduerak ere sartuta daude. Interesatuta dauden pertsonek instalazio horietara jo dezakete, eta bertan informazio osoa emango diete.