Dietak ordaintzeko eskatzeagatik langile bat kaleratu dutela salatu du CNTk
Portuetxe kaleko Giroa enpresan dieten ordainketan irregulartasunak daudela adierazi du, eta sindikatuko kide den langilearena ez dela kasu bakarra.
CNT sindikatuak Giroa enpresako langile baten kaleratzea salatu du. Hitzarmenak ezartzen duen bezala, dietak ordaintzeko eskatu zuen langileak idatzi baten bidez. Enpresak kaleratze disziplinario batekin erantzun ziola azaldu du sindikatuak. Dieten ordainketen irregulartasunak enpresako langile gehienek sufritzen dituztela gaineratu du; eta sindikatuko kide den langilearena ez dela bakarra. Langilearen eskubide urraketa salatzeko, eta lanera berriz itzul dadila eskatzeko mobilizazioak egingo dituela adierazi du: “Inoiz baino gehiago, langileen eskubideak eta soldatak defendatu behar dira”.
Ostiral honetan 17:00etan elkartuko dira Giroa enpresaren aurrean, Portuetxe kaleko 53. zenbakian.

