Haris Seferovic aurrelariak Realean jokatuko du hurrengo lau denboraldietan
Realak egin du sasoi honetarako bigarren fitxaketa: Haris Seferovic aurrelari suitzarra. Reala indartzeko bigarren jokalaria da; Jose Angel izan zen lehen fitxaketa. Bi milioi euro pasatxo ordainduko dizkio Italiako Fiorentina taldeari.
Lau denboraldirako kontratua sinatu du Realarekin. Seferovic Suitzara itzuli da jada, hainbat kontu konpontzeko. Hori egin ostean itzuliko da, datorren aste hasieran. Orduan aurkeztuko dute Donostian.
21 urteko jokalariak ez du eskarmentu handirik puntako taldeetan. Orain lau urte egin zuen debuta Suitzako ligan, Grasshoperrekin. Hiru partida besterik ez zituen jokatu, baina Fiorentinak bazuen haren berri, 17 urtez azpiko selekzioarekin bikain ari baitzen. 2009ko Munduko Kopan, esaterako, Suitza txapeldun izan zen, eta bera izan zen gol gehien sartu zituena. 2010eko urtarrilean Italiako taldeak fitxatu zuen.
Italiako Lehen Mailan, ordea, ez du ia aukerarik izan. Lehen sasoia hasi eta gutxira Suitzara joan zen utzita, Neuchatelera. Urtebete egin zuen, eta Italiara itzuli zen, Lecce Lehen Mailako taldera, berriro utzita. Han ere apenas jokatu zuen, eta hirugarrenez joan zen utzita, Novarara, Bigarren Mailara. Han bai erakutsi du bere balioa. Hemezortzi partida jokatu ditu, eta hamar gol sartu. Horri esker jaso zuen selekzio nagusiaren deia. Mario Gomez, Giuseppe Rossi, Stevan Jovetic… Fiorentinan ez zuen tokirik. Horregatik onartu du Realaren eskaintza. “Oso ondo jokatzen duen familia batera iritsi naiz”, esan zuen atzo Seferovicek, sinatu berritan.