Illarramendiri Realean geratzeko eskatu diote zaleek
http://youtu.be/NJvaahhGaf8
Zubietan da Asier Illarramendi, eta entrenatzera irten da zelaira; baina argitu gabe jarraitzen du haren etorkizunak.
Asier Illarramendik ikusmin handia piztu du gaur Zubietan. Zale, kazetari eta kamera andana bildu da bertan. Hainbat zalek Realean geratzeko eskatu diote, eta pankarta ugari eraman dituzte Zubietara. Ikaragarria izan da zaleek egin dioten harrera.
Gaur 09:30ean Realarekin oporren osteko lehen entrenamendua zuen Illarramendik, eta bi galdera zeuden airean: agertuko al da? Entrenatuko al du? Izan ere, Real Madrilek mutrikuarraren etete klausula gaur goiza baino lehen ordainduko ote zuen zen zalantza. Hala, Illarramendik ez baitzuen gaur goizean Zubietan agertu beharko.
Ez da hala izan. Bere autoan eta bakarrik iritsi da Zubietara, 09:15ean. Azkar-azkar eta adierazpenik egin gabe sartu da Realak Zubietan dituen instalakuntzetara.
Atzo iluntzean izan ziren negoziatzen bi taldeak, baina ez zuten akordiorik lortu. Illarramendi, beraz, Zubietara joan da gaur goizean, Jagoba Arrasateren aginduetara entrenatzera. 10:00ak aldera Jagoba Arrasate eta beste jokalari batzuk zelaira atera dira, baina Illarramendi ez da 10:30ak arte agertu. Claudio Bravo, Liassine Cadamuro eta Iñigo Martinez ere gaur hasi dira entrenatzen.
[Gallery=68]