Jendea lasai lasai terraza batean. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Udal gobernuak egindako terrazen ordenantzari 134 zuzenketa aurkeztu zizkion oposizioak. Era berean, suhiltzaileek txosten tekniko bat prestatu dute, terrazek bete beharreko hainbat neurri kontuan harturik. Txosten tekniko horretan oinarriturik, oposizioak aurkeztutako zuzenketa gehienak atzera bota dituzte; 102 zehazki.
Txosten teknikoak ordutegi, distantzia eta mugikortasun neurriak zehazten ditu. Hauek dira horietako batzuk:
-Lan egunetan terrazak ezin dira irekita egon 3:00ak arte, eta jai egunetan 4:30ak arte.
-Txostenak ez du onartzen Abuztuaren 31 kalean, San Jeronimon, Narrikan, Portu kalean eta Enbeltranen, besteak beste, terraza arruntak jartzea, bertatik pasatzeko 2,5 eta 3 metro arteko distantzia bakarrik geratzen delako.
-Ez dute ontzat eman Konstituzio plazako terrazetan ilara bat gehiago jartzea.
-Kale iskinetan terrazak jartzerik ere ez du onartzen txostenak, oinezkoentzako oztopo bihurtzen direlako.
Suhiltzaileen txostenak dio arau orokor gisa, terrazek gutxieneko distantzia batzuk errespetatu behar dituztela. Larrialdietarako ibilgailuentzako sarrera edo irteeretatik edo garajeetarako sarreretatik gutxienez lau metrotara jarri beharko lirateke.
Udal gobernuak suhiltzaileen txostenean oinarritutako zuzenketak aurkeztuko ditu. Jabi Vitoria, ordezkariaren arabera, “arduraz eta zorroztasunez lan egin dugu, bizilagunen atsedena eta ostalaritza jardueraren beharrak uztartzen saiatuz, horretarako ordutegiak eta terrazen ezaugarriak hobeto arautuz”.