Parte Zaharra babes akustiko bereziko gune izendatzeko eskatu dute
Parte Zaharrean Bizi Elkarteak udalak kutsadura akustikoari aurre egiteko planaren kontrako arrazoibideak aurkeztu ditu; aisialdi jarduerek kalean eragiten duten ere zarata kontuan har dadila nahi dute.
Ostalaritza jarduerak eta gaueko aisialdiak Parte Zaharraren sortzen dituen arazoak hiriko Zarataren Maparen barruan sartzea lortu nahi du Parte Zaharrean Bizi elkarteak. Izan ere, udalak Parte Zaharra babes akustiko bereziko gune izendatzea nahi du. Hala, udalaren Soinu-giroaren Hobekuntza Akzio Planaren aurkako arrazoibideak aurkeztu ditu, eta proposamen sorta bat aurkeztu du.
Azken urte hauetan taberna eta jatetxeen jarduera asko lokaletik kanpo ematen direla plazaratu du elkarteak, eta jarduera hau kalera hedatu denez gero, lokalen mugak ere gainditu egin direla salatu du. Udal Araudian aisialdi jarduerek kalean eragiten duten zarata kontuan har dadila eskatu dute. Zenbait gunetan industriak nahiz ibilgailu eta trenen trafikoak sortzen duten zarata onartzen den bezala, aisialdiak sortutakoa ere onartzea nahi dute.
Aisialdiak eragindako zarata mapa egitea lehentasun gisa ezarri du elkarteak. Gainera, zarata mapa hauek lantzen diren bitartean, terrazen nahiz ostalaritza establezimenduen irekitze baimen berrien moratoria bat proposatzen du. Jatetxe, taberna eta terrazen ordutegiak murrizteko; eta festak antolatzeko eta ikuskizunak egiteko baimenak aztertzeko ere eskatu du Parte Zaharrean Bizi elkarteak.