Doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte langabeek
Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte datorren ikasturtean. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro hauek antolatu ahal izateko diru laguntzak emango dizkie euskaltegiei.
Ekimen honek bi helburu uztartzen ditu: batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerren daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. “Krisi garaietan elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa da, eta udal gobernu hau ekintzen bidez islatzen ari da bere konpromiso soziala, euskara sustatzeko garaian ere izaera hori aintzat hartu dugularik, gure lehentasunen artean euskararen ezagutza eta erabilera indartzea dagoela ahaztu gabe. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”, esan du udaleko Euskara arduradun Nerea Txapartegik.
Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langa donostiarrek eman ahalko dute izena. Txapartegik zehaztu du guztira hamar talde osatzea aurreikusten dela, euskara mailaren arabera: “Talde bakoitzean bederatzi eta hamabost ikasle artean egongo da. Hortaz, guztira 100 eta 120 langabe artean eskolatzeko aukera egongo da. Ikastarook 120 ikastordu izango dituzte, egunero hiru ordu emango direlarik; astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:45era”.
Ikastaroak urriaren 9an hasi eta abenduaren 5ean bukatu dira eta presentzia derrigorrezkoa izango da. Donostiako edozein euskaltegi homologatuan eman ahalko da izena irailaren 2tik 20ra bitartean. HABEren erregistroan izena emanda duten euskaltegi pribatu homologatuek emango dituzte ikastaroak.
Diru laguntza hauetaz gain, donostiarrei edo hirian lan egiten duten herritarrei euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu udalak. Tokiko Udal Batzordeak 225.013 diru partida bat onartu du horretarako, donostiarren euskalduntzea sustatzeko lagungarri izango delakoan. Batetik, neguko ikastaroetan eta barnetegietan parte hartuko duten herritarrak lagunduko dituzte diruz, eta, bestetik, udako ikastaro eta barnetegietan eta autoikaskuntza ikastaroetan parte harduko dutenak.


