Ekaitzetarako andel bana eraikitzen ari dira Marrutxipin eta Iztuetan
http://youtu.be/y-Vo1BxTxK0
Aurrera doaz Marrutxipi eta Iztuetan ekaitzetarako andel bana eraikitzeko obrak. Euri-garaian ibilgu publikoetara egiten diren isurketen kutsadura-karga murriztea dute helburu. Hiriko hondartzen uren kalitatea ona da eta lege-parametroak betetzen ditu; proiektu honek, gainera, uraren kalifikazioa hobetzea ekarriko du. Hiri-arroetan bildutako euri-urek kutsadura-karga handia izan ohi dute euriaren lehen minutuetan, hiriko bide eta hiri-ingurune desberdinetan metatutako gai organiko eta ez-organikoak arrastatzearen ondorioz.
Proiektu honen xedea euri-garaian ibilgu publikoetara egiten diren isurketen kutsadura-karga murriztea da eta, horretarako, ur horiek atxikitzeko zenbait andel egingo dituzte.
Andelak arintzeko puntuetan kokatuko dituzte, eta euria egiten hasi eta lehen minutuetako euri-urak atxikiko dituzte, hots, kutsadura-karga handiena dutenak. Euriak atertu ondoren, saneamendu sarera bideratuko dituzte berriz ere.
Proiektu osoa zenbait fasetan banatu dute. Lehen fasea 2012ko otsailean amaitu zen, eta fase hartan saneamendu sarearen inbentario eta modelizazio lanak egin zituzten; halaber, saneamendu sare osoan barrena kontrol estazioak ezartzeko obrei eta sarearen zenbait zati birgaitzeko lanei ekin zitzaion.
Ekaitzetarako andelen kostuaren aurrekontua bi milioi eurotik gorakoa da Marrutxipiko andelari dagokionez, eta beste ia hiru milioi Iztuetakoaren kostuari dagokionez. Europako Kohesio Funtsek finantzatu dute proiektuaren %80.
Marrutxipiko proiektuak 42 metroko luzera, 23 metroko zabalera eta 9,25 metroko garaiera du; ur-lerroaren batez besteko garaiera 4,15 metro da eta atxikitze-bolumena 4.000 metro kubikoa. Iztuetako andelak, bestalde, 6.000 metro kubikoko ahalmena du eta 4,40 metroko ur-lerroa. Urte amaierarako biak burutzea aurreikusi dute. Udalak egindako bideoan lanen nondik norakoak ikus daitezke.

