Iaz baino 7.000 euro gehiago jasoko ditu Euskal Fondoak udalaren aldetik
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Euskal Fondoa erakundearen urteko plan operatiboa onartu zuen atzo. Lankidetza atalak, beraz, 143.189 euro bideratuko ditu erakunde horretara, iaz baino 7.000 euro gehiago, ordena ekonomiko berria, justuagoa eta solidarioago bat sortzeko ematen dituen diru laguntzetako bat.
Lankidetza zinegotzi Jon Albizuren hitzetan, “Euskal Fondoarekin dugun konpromiso politikoa berretsi nahi izan dugu hitzarmen honen bidez. Izan ere, erakunde honen filosofiarekin bat gatoz, mundu justuago baten aldarrikapenarekin bat egiten dugu, pertsona oinarri izango duen mundu batekin, eta horretarako gizakion eskubideak errespetatzea ezinbestekoa da. Krisi garaietan elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa da, besteekiko begirunea, eta hori ekintzen bidez gauzatu behar da. Horregatik nabarmendu nahi dut aurten hazi egin dela erakunde honi bideratutako diru laguntza”.
Udalak 2005ean sinatu zuen hitzarmena Euskal Fondoarekin , eta urtez urte plan operatiboak zehazten ditu. Aurten erakunde horren bidez garatuko diren proiektuek finantzaketa etikoa, elikaduraren gaineko subiranotasuna eta berdintasun eta emakumeen boteretzea dituzte ardatz. Honakoak dira proiektuak: Nikaraguako El Raman elikadura segurtasunerako lortzeko proiektuari 42.063 euroko laguntza; Guatemalako Alta de Verapaz herrian genero politikak indartzeko egiten ari den proiektuaren hirugarren fasea garatzeko 42.063 euroko laguntza; eta El Salvadorreko Cuscatlan eskualdean udalerri bidezkoagoak eta demokratikoagoak lortzeko egiten ari den egitasmoaren zazpigarren fasea garatzeko 42.063 euroko babesa.
Bestalde, Euskal Fondoak Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen beketan hartzen du parte, eta horretara 5.000 euro bideratu ditu udalak. Mendebaldeko Saharan historikoki izandako jazarpenak ikertzeko, berriz, beste 12.000 euro bideratuko dituzte.


