
Illarramendi eta Florentino Perez, Santiago Bernabeu estadioko ohorezko palkoan egindako aurkezpenean. (Argazkia: Realmadrid.com)
24 ordu besterik ez dira igaro Asier Illarramendik Reala utzi eta datorren denboraldian Real Madrilen jokatuko duela iragarri zuenetik; 24 ordu, Anoetako estadioko prentsa aretoan malkoak atera zitzaizkionetik. Agur baino, talde txuri-urdinari gero arte esatea nahiago izan zuen mutrikuarrak, Madrileko abenturari ekin aurretik. Eta gaur heldu dio bideari Espainiako hiriburuan, izar handien pare. Presioa geroago etorriko da; oraingoz, presioa elikatuko duen harrera mediatikoari egokitu zaio txanda.
Hain zuzen ere, Illarramendik 9.15ean igaro ditu mediku-azterketak Madrilen, Sanitas La Moraleja ospitalean. Sasoi betean dagoela frogatu eta gero, Santiago Bernabeu estadiora joan da, klub zuriarekin izango duen kontratua sinatzera. Sei urterako sinatu du gipuzkoarrak eta, egunotan aipatutako kopuruen arabera, Realean baino lau aldiz gehiago irabaziko luke urtean (2,4 milioi euro inguru).
Izapide hori adostuta, 13:00etan, bere etxe berrian aurkeztu dute, Santiago Bernabeun bertan, 5.000 zaleen aurrean. Ohorezko palkoan Florentino Perezen eskutik jaso du bere elastiko berria, eta ikusmina handia izan da. Espainiako kirol komunikabide jarraituenak, esaterako, zuzenean eskaini du aurkezpena bere telebistaren bitartez eta online ere.
“Illarra, Illarra” oihuen artean jaso dute Real Madrileko zaleek. Alkandora zuria eta jaka eta galtza beltzak soinean, irribartsu azaldu da mutrikuarra, belarritakorik gabe. Alboan, bere irudi bat jarri dute, Espainiako selekzioaren elastikoarekin. 24 zenbakidun kamiseta eramango du Madrilen, eta duela egun gutxi Realaren elastikoa ez zen beste kamiseta bat jantziko zuenik ez zuela espero aitortu du. “Gaur oso egun berezia da niretzat, klub handi honen parte izateagatik”, adierazi du, eta Realarentzat eta realzaleentzat esker hitzak izan ditu. Ondoren, bere asmoen berri eman du: “Dena emango dut armarri honengatik”.
Aurretik, Real Madrileko presidente Florentino Perezek zaleei aurkeztu die Illarramendi. “Asier maitea, ongi etorri estadio honetara. Zure etxe berria da hau, ongi etorri Real Madrilera”, esan du. “Atzo malkoak atera zitzaizkizun, eta horrek asko esaten du zure pertsonari buruz”, erantsi du, eta Real Madrilek “bihotza” ireki diola nabarmendu du.
Ohorezko palkotik Santiago Bernabeuko berdegunera irten da gero. Zuriz jantzita zelairatu da, lehen aldiz. Baloia ukitu du, argazkiak egin dizkiote eta zaleak agurtu ditu, baita harmailetara zenbait baloi jaurtiki ere, opari moduan. Era berean, bidaian lagundu dioten lagun eta senideekin argazkia atera du berdegunean, denak irribartsu. Prentsa aretoan amaitu du bere goizeko jarduna, komunikabideen aurrean adierazpenak egiteko. Madrilgo prentsara ere egokitu beharko du bere burua. Gaur, komunikabideekin izandako lehen harremanean, Xabi Alonsori buruz galdetu diote behin baino gehiagotan, tolosarrarekin alderatu nahian.
Aurkezpenak bukatuta, denboraldiaren hasierarekin batera, Illarramendik Santiago Bernabeuk eragin ohi duen ikara eszenikoa ezagutuko du bertatik bertara. Baina, hori beste istorio bat izango da, gaurko pasarte alaitsuekin zerikusirik izango ez duena, ziur aski.
-
-
Illarramendi, Santiago Bernabeuko berdegunean. (Argazkia: Realmadrid.com)
-
-
Mutrikuarra, bere elastiko berriarekin. (Argazkia: Realmadrid.com)
-
-
Kontratua sinatzen, Florentino Perez presidentearekin. (Argazkia: Realmadrid.com)
-
-
Mediku-azterketa igarotzen. (Argazkia: Realmadrid.com)