Balentxi, "zapalduen defendatzailea", omendu dute Kaian
Jose Manuel Balentziaga, Balentxi, apaiza omendu dute igande eguerdian Kaian, Nautikoan, duela zazpi urte bizia galdu zuen leku berdinean. Urtero errepikatu ohi duten ekitaldia izan da; hunkigarria, gaurkoa ere. Hainbat lagun bertaratu dira omenaldira; bere arreba Koro Balentziaga, Jexux Arrizabalaga euskaltzalea, Drogak Eragindakoen Elkarteko kide Maite Ribero eta Herrira mugimenduko ordezkari Fernando Arburua, tartean. Lau hauek hartu dute hitza. «Oso gizatiarra zen, beti menpekoen eta zapalduen defendatzaile, borrokalari handia”, esan du Arrizabalagak.
Behartsu eta zapalduen alde lan handia egiteaz gain, euskal presoei babesa eman zien beti, Arburuak gogora ekarritakoaren arabera: “Estatuen eta gizartearen zigorrak jasotzen zituzten pertsonen alde egiten zuen, azken batean”. Riberok, bere aldetik, droga menpekotasuna dutenen alde lanean aritzen den elkartearen izenean hitz egin du: “Inoiz ez zuen ezetz esan, beti zegoen laguntzeko prest. Bere burua ez zuen behar bezala zaintzen, baina besteak zaintzen zituen”. Azkenik, bere arrebak hitz egin du: “Borrokalari sutsua izan zen beti, behartsuen alde aritzen zen, baina baita langileen alde ere”, nabarmendu du.
Balentxiren omenezko ekitaldian ez da aurreskua falta izan, ezta kantua eta lore eskaintza ere.
- Nautikoan bildutakoak, abesten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
- Aurreskua dantzatu dute Balentxiren omenez. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
- Lore eskaintza egin dute; loreak uretara bota dituzte, itota hil baitzen Balentxi. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
- Balentxiren arreba Koro Balentziaga, hitza hartzen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)







