Zumaia eta Hondarribia izan dira indartsuenak Donostiako uretan
Pedreñan atzo eta Donostian, gaur. Bi lehia garrantzitsu jokatu dituzte asteburuan, emakumezkoen Euskotren Ligarako sailkatzeko txartelak eskuratzeko. Hala, Pedreñako estropadan indartsuenak izan ziren taldeak berriro izan dira onenak gaur goizean, Donostiako uretan. Hain zuzen ere, Zumaiak nagusitasun handiz irabazi du estropada, eta San Juan, Hibaika eta Orio sailkatu dira bere atzetik. Lau hauek ariko dira nor baino nor Euskotren Ligan. Bizkaia, Hondarribia, Zarautz eta Santoña kanpoan geratu dira.
Aipatutako lau traineruek –Zumaiak txartela ziurtatuta zuen, iazko txapelduna izateagatik– sei bandera izango dituzte jokoan datozen asteburuetan. Gaurkoak, Donostiakoak, kanporaketa gisa baliatzeaz gain, Eusko Label II. Bandera banatzeko balio izan du. Zumaiak aise irabazi du, 12 minutu eta 25 segundoko denborarekin. Bigarrenari, San Juani, 36 segundo atera dizkio.
Gizonezkoen San Miguel Ligako estropada jokatu dute geroago, emakumeen ondoren, Eusko Label Banderaren barruan. Olatuen artean Hondarribia izan da indartsuena, Urdaibai, Orio eta Kaikuren aurretik.
Arraunzaleentzako asteburu oparoa izan da, azken batean. Izan ere, atzo KAE-1 Ligako bandera jokatu zuten, Kontxan ere. Donostiarra zazpigarren sailkatu zen, eta Itsasoko Ama izan zen garailea.