Itxas Aurre elkartearen prentsaurrekoa, Igeldon. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Igeldotarrek desanexioaren inguruko herri galdeketa egin zuten 1994. urtean, eta udalerri bihurtzearen aldeko emaitza atera zen. Emaitza hori ontzat hartzen dutela adierazi dute Itxas Aurre elkarteko kideek, baina prest daude galdeketa berri bat egiteko, ziur baitaude herritarren gehiengoa Igeldo 89. udalerria izatearen aldekoa dela.
Igeldoko plazan egin dute agerraldia, eta desanexioaren inguruan sortutako ika-mika guztien inguruan beren iritzia plazaratu dute Itxas Aurre elkarteko kideek.
Lehenik eta behin, 1994. urteko herri galdeketaren aldeko emaitza aintzat hartuta hasitako prozesuarekin jarraitzen dutela gogoratu dute. Hemezortzi urtetan araudiak finkatutako pauso guztiak bete dituztela, eta prozesuak aurrera egin ez badu udalaren eta Foru Aldundiaren oztopoen ondorioz izan dela gaineratu dute.
Dena dela,
Itxas Aurre elkarteak positiboki baloratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken erabakia, “hemezortzi urtean igeldotarrok gure etorkizunari buruz erabakitzen duguna entzuteko eta errespetatzeko prest dagoela azaldu duen lehen administrazioa delako”. Ildo horretan, 1994. urtean ez bezala, oraingo herri galdeketaren emaitza errespetatzea espero dute.
Bestalde, elkarteak argi adierazi nahi izan du hainbat talde politikok leporatutako “azpijokoak” ez dituztela onartzen, eta legeak agindutako prozedura eta betebehar guztiak errespetatu dituztela beti. Horrekin lotuta, argi utzi nahi izan dute Igeldoko prozesuari ezarri behar zaion araua
1960/1986 Errege Dekretua dela, eta ez zortzi urte geroago sortutako foru araua, 1995. urtean abiatutako prozesua baita beraiena, sekula eten ez dena.
Itxas Aurreko kideen arabera, Auzitegi Gorenaren epai batek ere zehazten du Errege Dekretua dela Igeldori ezarri behar zaiona. Igeldok arau horrek eskatzen dituen pauso eta
baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu du Itxas Aurrek, eta hala jakinarazi diotela Foru Aldundiari, hainbat txosten tekniko, ekonomiko eta historikoren bitartez.
Bigarren herri galdeketa
Udalerri izaeraren aldarrikapena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Txosten horiek berriro aztertu eta herri galdeketa egin ondoren,
Foru Aldundiak erabakiko du Igeldoren izaera. Dena dela, Itxas Aurreko kideak ziur daude 1994. utean jasotako desanexioaren aldeko iritzi bera jasoko dutela oraingoan ere igeldotarren artean. Orduan, 717 biztanle zituen Igeldok. Botoa eman zuten herritarren %58ak alde egin zuen, %32ak kontra, eta beste %8 berdin jarraitzearen alde agertu zen. Gaur egun, 1.080 biztanle ditu Igeldok.
Edozein modutan, emaitza edozein izanda ere “Igeldo Gipuzkoako 89. udalerria bihurtzeko lanean gogotsu jarraituko dugu, igeldotarron nahia eta interesak defendatzeko biderik eraginkorrena eta hoberena dela uste dugulako;
gure baliabideak kudeatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, ez besterik”, adierazi du Ainhoa Gorostidi, Itxas Aurreko kideak.
Igeldoren desanexioa aztertzeko orduan eragile sozial eta talde politikoekin biltzeko prest daudela adierazi dute Itxas Aurreko kideek, beraien txostenak, argudioak eta nahiak mahai gainean jarri eta eztabaidatzeko.