Palealeku Berrian jarri duten garabia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Haizearen Orraziko inguruetan eta Pasealeku Berrian luiziek eragindako kalteak konpontzen jarraituko dute udan, maldak egonkortu eta luizi berriak ekiditea helburu izango dutelarik.
Aurtengo neguan eta udaberrian izandako euriteen ondorioz luizi ugari sortu dira hiriko hainbat puntutan. Unean uneko garbiketak egin zituzten baina orain malda edo ezpondak egonkortzeko lanetan dihardute.
Urgull mendiko lanak dira horren adibide. Pasealeku Berrian garabi handi bat jarri dute, Argazki Elkartearen ondoan. Garabi honen bidez Urgull mendiko malda egonkortuko dute luizi gehiago ez gertatzeko. Lanen ondorioz Pasealeku Berriko errail bat itxita egongo da abuztuaren 5a arte. Handik aurrera bi errailak irekiko dituzte, lanek maldan soilik jarraituko baitute.
Haizearen Orrazia
Urrutitik ederki ikusten dira Haizearen Orrazi inguruko luiziak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Haizearen Orraziko malda egonkortzeko lanak ere uste baino gehiago luzatzen ari dira. Hasiera batean uztailaren erdirako bukatzea espero zuten, baina hilaren bukaera arte luzatuko dira gutxienez. Izan ere, arroka eta harri ugari topatu dituzte maldan eta lanak zaildu egin dira.
Ondorioz, Haizearen Orraziko goialdeko terraza, sarbidea eta lanak egiten ari diren inguru guztiak itxita jarraituko du konponketek irauten duten bitartean.