Kaian bainurako eta ur jolasetarako guneak egokitzeko eskatu dute
Bainatzea segurua izan dadin beharrezko neurriak hartzeko eskatu du Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak.
Azken astean zenbait hedabidetan kaian bainatzeko arriskuaz ohartarazi dituzte herritarrak. Segurtasun arazoak direla eta, Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzak kaian ez bainatzeko eskatu duela plazaratu dute. Parte Zaharrean Bizi elkarteak adierazi du azken egunotan Ertzaintza kaian ibili dela, bertan bainatzen eta uretan jolasean ari diren gaztetxoei bertan ez bainatzeko agindua ematen.
Elkarteak egoera honi irtenbide bat bilatzeko eskatu du. Bainua eta uretako jolasak debekatu beharrean, jarduera horiek seguruak izan daitezen neurriak hartzeko eskatu du, arriskua sortzen duenari mugak jartzeko: “Bainurako eta ur jolasetarako zenbait esparru zehaztu eta mugatu behar dira. Honela hiriko beste hainbat bainu-guneren saturazioa (hondartzak, nautikoko eskailerak) arinduko litzateke eta jada arrantza-jardueretarako erabiltzen ez diren kaiko gune horiek biziberrituko lirateke.
Betiko arrantza-jarduera itzultzen ez den bitartean, jarduera horretarako erabiltzen ziren kaiko guneak herritarren zerbitzura jartzeko proposatu dute: Kaiko pasealekuko hasierako gunea hain zuzen. Itsas-igerileku gisa balia daitekeela azaldu dute, Parisen Senako kaiak ibai-hondartza moduan baliatzen diren antzera. Kaiarripe ondoko arrapala, bestalde, porlanezko hondartza moduan erabiltzeko aukera dagoela azaldu dute. urtetan egin den bezala
Udal gobernuari eta udaleko alderdi politikoei erabilera horien aldeko akordio bat egiteko, eta Jaurlaritzarekin gestioak egiteko eskatu diete. Jaurlaritzari eta udalari eskatu diote gune horiek bainurako eta ur-jolaserako “gune seguruak eta goxoak” izan daitezen, eta gutxieneko baliabide batzuk jar ditzaten. Iturriak eta dutxak, eta bainurako gunea mugatzeko buiak, besteak beste.