Bulebarra hartu dute Stop Kaleratzeak taldeko kideek
‘Kutxakanp’, halaxe izendatu dute Bulebarreko kiosko ingurua Stop Kaleratzeak eta HMEIaren kaltetuen plataformako kideek. Izan ere, bertan pasako dute eguna gaur, eta desjabetze kasuak eta Kutxabanken finantziazio politikak salatzeaz gain, hainbat familia kalteturen egoera salatuko dute egun osoan.
Horretarako, hainbat jarduera egingo dituzte: solasaldiak, tailerrak, ikus-entzunezkoak, HMEIaren (Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea) inguruko azterketa, kartelak… Helburua jendarteari hainbat familiek bizi duten egoera erakustea eta gaiaren inguruko parte hartzea bultzatzea da.
Stop Kaleratzeak taldeko kideen arabera, “duela urte batzuk Kutxaren kanpaldietara bidaltzen genituen gure umeak; gaur egun, Kutxabank ez da gizarte ekintzatan oinarritzen, eta ume horiek eta beren familiak kale gorrian uzteko gai da”.
Gaueko 22:00ak arte luzatuko dira jarduerak, eta herritarrei Bulebarrera gerturatu eta kaltetuen egoera ezagutzeko gonbitea luzatu dute Stop Kaleratzeak taldeko kideek.




