Ontzi tradizionalek 1813ko gertaerak irudikatu dituzte
http://youtu.be/zB5u4dudlEg
Hiriaren erreketa eta berreraikuntzaren Bigarren Mendeurreneko zazpigarren mugarria ospatuko dute asteburuan. Oraingoan itsasoa izango da protagonista, duela 200 urte, uztailean hasi baitzuten hiriaren aurkako itsas blokeoa, abuztuan hiria guztiz erre zuten arte. Itsasoak gertaera haietan izan zuen garrantzia gogora ekarri nahi izan dute horrela.
Ontzien joan eta etorria etengabea izan bada ere, ez da blokeorik izan gaurkoan. 11:00etan zuten ontzi tradizionalek Kontxako badiatik kairaino etortzeko hitzordua, baina eguerdira arte ez dira denak bildu. Lotsati, apurka apurka hurbildu eta urrundu, hara eta hona ibili dira aintzinako garaiak gogorarazi nahi zituzten 15 ontziak.
Gaur itsasoratu dituzten arraun eta bela ontzi tradizionalak itsas ondarea eta kultura sustatzen dituzten Albaola eta Euskal Bateleroak elkarteenak dira. Arrantzontzi eta batelak XIX eta XX. mendeko ontzien erreplikak dira, eta Donostiako gertakarien atzera begiradan lagundu nahi izan dute gaurko jardueraren bidez.
‘Itsasoari zelatan’ jarri diote izena zazpigarren mugarriari. Kaiko jaiak ere egun hauetan ospatzen dira, beraz jarduera guztiak itsasertzean gauzatuko dira gaur eta bihar. Izan ere, ontzi tradizional hauek ikusgai egongo dira portuan, eta 16:00etan estropada erakustaldi bat egingo dute.
Bihar, berriz, ontzi modernoagoek hartuko dute lekukoa eta ‘200 arraunketa Kontxako gondolin erronka’ ospatuko dute; Kontxan egingo den lehen gondolin erronka herrikoia.

