Paretari begira jarri dituzte Martuteneko bizilagunak
http://youtu.be/PenE7DGql-o
Kartoizko kaxak erabiliz, hiru metroko horma bat egin dute Martutenen, Urumea ibaiko urak bideratzeko proiektuaren arabera eraikiko duten horma irudikatu, eta bizilagunei eremu hori nola geratuko litzatekeen erakusteko.
Martutenen uholdeekin dituzten arazoak konpontzeko Urumea ibaiko urak bideratzeko proiektu bat egingo dute Euskal Ur Agentziak (URA) eta udalak. Martuteneko Bizilagunen Elkartea eta Kalapie txirrindularien elkartea, ordea, ez daude proiektu horrekin ados, eta urak bideratzeaz gain, Urumea ibaiari beste erabilera bat emateko eskatzen dute. Hau da, ibaia oinezko eta bizikletentzako ibilbidearen oinarri gisa mantendu dezatela, aisialdirako eremutzat hartua izan dadila eta ingurumen natural gisa babestu dezatela.
Ezaugarri horietan oinarritutako egitasmo bat aurkeztu dute beraiek. Cristina Urquijo da proiektu alternatiboa prestatzen aritu dena. Bere esanetan, “ahalegindu gara hasierako proiektua aldatzen, baina epeak gainean dira, 2016 gero eta gertuago dago, eta orain korrika eta presaka egin nahi dute guztia. Dena dela, Europako Kultur Hiriburu egitasmoaren baitan, onartezina dirudi Urumearen ertzak hiritarrengandik urruntzea, bereziki, Europako hiri gehienetan ibaiak hiriko paisaia kulturalean barneraturik daudenean, eta espazio naturalaren nahiz ibilbide sarearen muina direnean”.
Urumea ibaiaren inguruan gogoeta sorrarazteko ‘Paretari Begira’ performancea egin dute gaur. Kartoizko kaxak erabiliz hiru metroko horma eraiki dute, eta gerturatu diren bizilagunak kartoizko paretari begira jarri dira, udalaren proiektua aurrera ateratzen bada, horixe izango baita Martuteneko bizilagunek Urumea inguruan ikusiko dutena.
Cristina Urquijo, Inge Mendioroz, Eduardo Lopez eta Borja Iglesias izan dira, performancea egin dutenak. Gainera, Europako hainbat herritan ibaiak nola egituratuta dauzkaten erakusteko kartelak erakutsi dituzte. Arantzazuko Ama ikastolako haurrek ibairi buruz egindako marrazkiak ere ikusgai egongo dira egun osoan.

