Arte ekoizpen feministen topagunea izango da Arteleku
Gaur hasi eta asteazkena bitartean, hamabi artista elkartu eta arte ekoizpen feministen inguruko jardunaldiak egingo dituzte Artelekun.
Urte batzutako geldialdiaren ondoren, Arteleku ekoizpen feministen agertoki bihurtuko da datozen egunotan. Maider Zilbeti, jardunaldien koordinatzailearen arabera, “Arteleku aintzindaria izan da sorkuntzaren alorrean feminismoa lantzen, eta geldialdi bat egon bada ere, ekoizpenek eta feminismoak ez du etenik izan”.
Garazi Lopez de Etxezarreta, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendariaren arabera, “berdintasunaren bidean asko dago oraindik egiteko, eta horretarako, artea eta pentsamendu kritikoa funtsezkoak dira”.
Gizartearen aldaketarako tresna gisa ikusten dute feminismoa. Baina feminismoa lantzeko modu asko daude: aldarrikapenak, munduaren begirada feminista, artearen kritika ikuspuntu feministatik…
Ildo horretatik doa jardunaldi hauen helburua ere, belaunaldi ezberdinetako artisten arteko harremanak arte ekoizpen feministaren bitartez aztertzen ahaleginduko baitira.
Xabier Arakistain, Maria Ptqk, Azucena Vieites, Naia del Castillo, Rosa Parma, Sahatsa Jauregi, Ana Laura Alaez, Jeleton, Itziar Okariz, Zuhar Iruretagoiena, Loren Alfaro eta Maria Jose Belbel izango dira jardunaldietan parte hartuko duten artistak. Goizez eta arratsaldez mahai inguruak eta hitzaldiak egingo dituzte. “Saio irekiak eta parte hartzaileak” izango direla adierazi du Maider Zilbetik.
Asteazkenean, azken egunean, ondorioak aterako dituzte parte hartzaileen artean, eta Mari Jose Belbelen Ezagutza feminista eta itzulpen politikak liburua aurkeztuko dute. Eve Kosofsky Sedgwic, Wendy Brown eta Gayle Rubin pentsalari feministen testuekin osatutako liburua da, euskaraz eta gazteleraz idatzia.

